Oñatiko udala

Energia bulegoa ireki du Udalak, Bidebarrieta kalean

2023/03/07
Card image cap
Argindar eta gas faktura eta kontsumoaren inguruan informazioa eta aholkularitza ematea da helburua

  Oñargi, Onaro eta beste zenbait zerbitzu hartzen dituen Bidebarrieta 24ko lokalean egokitu da energia bulego berria. Udalaren energia planaren bigarren puntua da gardentasunaren aldeko urratsak eginez, etxebizitzen argindar eta gas fakturak aztertzeko aholkularitza bulegoa irekitzea eta dagoeneko martxan da.

  Udalak urteetako esperientzia du argindarraren sektorean eta eskarmentu hori baliatuko da herritarrei beharrezko azalpenak emateko. Bai argindarrari dagokionean, eta baita gasari dagokionean ere, potentzia eta kontsumoaren azterketa egingo da eta hobetzeko aholkuak emango zaizkio herritarrari. Bono sozialari buruz edota merkatuaren inguruko informazio orokor baliagarria ere emango da.

  Merkatua sektore arautuan eta sektore librean banatuta dago. Merkatu arautuan, estatuak definitzen ditu horniduraren kostuak, eta merkatu librean aldiz, merkaturatzaileen araberako logikaz bideratzen dira kontratuak. Kontsumitzailearentzat oso bortitzak diren kontratuak sinatzen ari direla ohartarazi dute udal arduradunek. Baina hori ez da argindarraren bueltan gertatzen soilik. Gasaren sektorean ere, herritar batzuen kontratuak ikaragarri altuak direnaz ohartu dira. Publikoki salatu dute merkaturatzaile batzuen lekuz kanpoko irabaziak, araututako prezioaren hirukoitza ere kobratzearen ondorio direla.

  Merkaturatzaile handiek, tarifa arautuko aukera derrigorrez eman behar duten arren, zailtasun ugari ipintzen dituzte kontratu aldaketak gauzatzeko. Energia bulegoaren helburua da, informazio ahalik eta gardenena eskaintzea, herritarrak egokiena deritzona hautatu dezan.

  Bidebarrieta 24an egokitu den energia bulegoa astelehenetik ostiralera irekitzen da (astelehenetik ostegunera, 9:00-14:00 eta 15:00-17:45 eta ostiraletan, 9:00-14:45). Itxaroten ez egoteko txanda hartzea gomendatzen da: 943 71 64 03ra deituta edo energia.bulegoa@onati.eus idatzita.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!