Emakumion etxiaren gainean herritarren iritzi eta zalantzak jasotzeko kanpaina abiatu da
Urrian amaitu zen Oñatiko Emakumion Etxia Eraikitzen parte-hartze prozesua, baina, etxeak ateak ireki aurretik, hainbat lan egin behar dira. Horregatik, prozesuan parte hartu duten herriko hainbat emakume lan taldetan antolatu dira, bakoitzaren aletxoa jarri eta etxea denon artean eraikitzeko helburuz. Talde horietako bat zubigileena da; hau da, Emakumion etxia eta herritarren arteko zubia eraiki eta elikatuko duena. Talde honek herritarren iritzi eta zalantzak jasotzeko kanpaina abiatu du.
Emakumion etxia oñatiarrengana eta oñatiarrak etxera hurbiltzeko helburuz hasi den kanpaina galdera batean oinarritzen da: Zer da zuretzat Emakumion Etxia? galdera horri erantzutea eskatzen zaie interesa duten herritar guztiei. Betetzeko erantzun orriak eta postontziak hainbat lekutan jarri dira eskuragarri: udaletxean HAZ bulegoan, Zubikoa kiroldegian, Eltziako Topagunean, Gaztelekuan eta Kultur etxean. Gainera, online ere bete daiteke udaleko web atarian sartuta edo sare sozialen bidez zabaldu den mezuari erantzunez.
Astelehenean abiatu zen kanpaina urtarrilaren 7ra arte luzatuko da. Jasotzen diren erantzunen arabera erabakiko da eman beharreko hurrengo pausoak.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!