Oñatiko udala

Emakumion Etxiaren barne antolaketa uztailaren 12an aurkeztuko da, saio ireki batean

2023/06/22
Card image cap
Espazioen antolaketarako azken parte-hartze saioa egin zen atzo

  Oñatiko Emakumion Etxiaren oinarriak sendo errotu direla esan daiteke. Etxearen barne espazioen antolaketa erabakitzeko hirugarren eta azken saioa egin zen atzo eta bertan hartutako erabaki eta jasotako ekarpenekin, azken proposamen definitiboa osatuko du Juntura arkitekto taldeak. Uztailaren 12an aurkeztuko da behin betiko proposamena saio irekian.

  Etorkizunean etxeak izango duen erabileran barne espazioen banaketak duen garrantziaz jabetuta, gaia lantzeko hiru saio egin dira parte-hartze prozesuaren baitan. Atzokoa izan zen azkena eta aurrekoetan adostutako premisak berretsi eta zalantza gehiago sorrarazten zituzten gakoak argitzeko saioa izan zen. Etxeak dituen hiru solairuen irekiera edo publikotasunaz berba egin zen, espazio irekiagoak eta pribatuagoak edo intimoagoak berezitu ziren, eta horren arabera antolatu espazioak. Etxearen dinamizazioaz ere hitz egin zen, eta harrera-bulegoaren beharraz.

  Erabilera anitzeko gelak, zerbitzuetarako bulegoak, egoteko espazioak, eta sormen gunea ere irudikatu dituzte, bai eta sukalde bat ere. Azken hau izan da eztabaida gehien sortu duen gaia, hain zuzen. Kokalekuak batetik eta izan beharko lukeen pribatutasun edo publikotasun mailak bestetik, sozializatzeko eta ahalduntzeko espazio interesgarria izan daitekeelako askoren iritziz. Espazioak estankoak ez izateko ahalegina egin da eta ez dira helburu edo erabilera bakar batera lotuko, momentuaren eta beharraren arabera egokituko dira. Horretarako, altzari eta elementu mugikorrak planteatzen dira, intimitatea edota akustikoki moldatzeko aukera eskaintzen dutenak.

  Atzoko ekarpenak jasota, uztailaren 12an aurkezpen saio ireki bat egingo da barne antolaketa azaldu eta hurrengo pausoen berri emateko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!