Emakumion Etxian lan taldetan parte hartzeko izen-ematea zabalik dago
Emakumion Etxia Eraikitzen eman dira azken bi urteak eta prozesuan landutako ondorioak herenegun arratsaldean aurkeztu ziren Eltzian. Ziklo baten itxiera irudikatu zen jendaurreko ekitaldi horretan eta orain arte elkarrekin egindako bidearen laburbilduma plazaratu zuten prozesuan parte hartu duten hainbat emakumek.
Bi urteko prozesuan zehar oinarri sendoa jarri zaio Emakumeen etxeari. Oinarri teorikoak erabaki eta adostu dira; misio, ikusmira eta balioak; etxearen jarduna; parte-hartze estrategiak; kudeaketa eredua; antolaketa sistema; eta, guztia egikaritzeko beharrezko izango diren baliabide material zein humanoak.
Feminismoa, intersekzionalitatea, ikuspen komunitarioa eta ahalduntzea dira Oñatiko Emakumeen Etxeak izango dituen lau printzipio nagusiak eta horietan oinarrituta erantzungo die hemendik aurrera planteatu daitezkeen behar ugari eta anitzei. Herriko erreferentzia gune feminista, komunitario, ahalduntzaile, eta intersekzionala izan nahi du Emakumion Etxiak, gune seguru, aske, anitz, ireki, osasuntsu eta eraldatzailea.
Parte hartze prozesuaren azken fasean funtsezkoak diren kudeaketa eta gobernantzari buruz eztabaidatu da eta argitu da gobernantza ez dela erdi-gunean kokatzen, funtzio edo rol gisa ikusten dela eta hierarkian beste rol edo funtzioen parean kokatzen dela. Kasu honetan erdigunean kokatu dira koordinazioa, komunikazioa eta proiektuaren zaintza. Etxearen ordutegia, pertsonala, eman beharko liratekeen zerbitzuak, kanpoko eragileekiko harremanak eta funtzionamendua ere zehaztu da bi urtez luzatu den parte-hartze prozesuan.
Orain, eta 2024-2025 ikasturtera begira, lan talde ezberdinak eratzen hasi dira, teoriatik praktikara eta ekintzara salto egiteko. Taldeka lanean hasiko dira, etxeak ateak irekitzen dituenerako dena prest izateko. Talde ezberdinetan izena emateko aukera zabaldu da udalaren webgunean txertatu den atal berezitik. Hiru dira une honetan osatu asmo diren lantaldeak: pentsatze-estrategia, ekintzak edo programazioa eta komunikazio eta harreman taldea.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!