Oñatiko udala

Emakumion Etxia eratzeko bigarren faseko lanen proiektua idatziko du Itziar Zelaia arkitektoak

2024/05/02
Card image cap
Hiru hilabeteko epea zehaztu da proiektua idazteko

  Kale Zaharreko 13an dagoen eraikinaren birgaitze lanen bigarren fasean, etxearen barne banaketa eta eraginkortasun energetikorako lanak egingo dira. Proiektuaren oinarriak herritarrekin batera finkatu ziren, iaz, eraikinaren egitura eta banaketaren diseinua adostuz, etxeak izango duen erabilera eta beharren arabera. Parte-hartze prozesuan erabakitako programa eta espazioaren antolaketa hori aintzat hartuta, eraikinaren barne banaketa, barruko eskailerak, argindar, telekomunikazio, ur hornidura eta berokuntza nahiz aireztapen instalazioak eta hormen isolamendua barne hartuko dituen proiektua idatzi beharko da.

  Eraikinak hiru solairu ditu, sarrerako oina kontutan hartuta. Egun hutsik daude baina elkarlana, komunikazioa eta, aldi berean, diskrezioa bermatuko duten erabilera anitzeko espazioak berezitu eta egokitu beharko dira.

  Eskaintza bakarra jaso zen Emakumion Etxia eratzeko bigarren faseko lanen proiektua idatzi eta exekuzio lanen zuzendaritza deialdira, Itziar Zelaia arkitektoarena, hain zuzen ere. Berak idatzi eta zuzendu zituen baita ere lehen faseko lanak. Aurkeztutako memoriak Udalak jarritako baldintzak betetzen ditu eta oso positiboki baloratu da eraginkortasun energetikoa oinarri hartuta, energia eskaria eta kontsumoa murrizteko proposatutako irtenbideak.

  Onartutako aurrekontua 65.340 euro da eta proiektuaren idazketa hiru hilabeteko epean egin beharko da. Lanen behin betiko esleipena egin aurretik hainbat dokumentu aurkeztu eta fidantza jarri beharko du arkitektuak, baina gauzak ondo bidean, proiektua datozen hiru hilabeteetan idatzi eta egokitze lanak udazkenean hasiko dira. Exekuzio lanen zuzendaritza ere Itziar Zelaiak egingo ditu.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!