Oñatiko udala

Emakumion etxearen oinarriak definitzeko saioa egin da

2023/04/28
Card image cap
Feminista, komunitario, intersekzional eta ahalduntzaile kontzeptuen esanahia argitzeko mahai-ingurua izan da astean

  Emakumion etxearen oinarrizko lau printzipioak zehaztu ziren egitasmoaren hasieran: feminismoa, intersekzionalitatea, ahalduntzea eta garapen komunitarioa. Baina horien esanahia, definizioa, partekatu eta adosteko mahai-ingurua egin zen asteartean. Udaleko parte-hartze teknikari Onintza Andres Arancetak, Bidez Bide elkarteko Soraya Ronquillo Peñak eta Olatz Dañobeitia Ceballos, Gipuzkoako Foru Aldundiko parte-hartze teknikariak hartu zuten parte.

  Bidez Bideko Sorayak nabarmendu zuenez, begirada intersekzionalaren indarguneetako bat da zapalkuntza guztiak ikusarazten dituela, eta gizarte-eragile gisa aitortzen gaituela. Eta gurean dauden emakume migratuak Emakumion etxean parte hartzea ahalbidetuko duten baliabideak behar derala, gaineratu zuen.

  Komunitateaz eta ahalduntzeaz aritu zen Olatz Dañobeitia. Eta norberaren ahalduntzetik komunitatearen boteretzerainoko ibilbidea marraztu zuen, bide horren garrantzia aldarrikatuz.

  Onintza Andresek azaldu zuen udal politikek eragin zuzena izan dezaketela komunitatea indartzen edo ahultzen eta, zentzu horretan, administrazioak ardura duela harremanak ahalbidetzeko aukerak eskaintzen. Komunitatea babesteko eta harremanak errazteko ahaleginean, ekipamendu fisikoak duen eragina adierazi zuen. Ekipamendu bat irisgarria izan behar da baina erakargarria ere bai, jendea sartu eta bere egin dezan.

  Astearteko saioak Emakumion etxea eratzeko prozesuaren hirugarren faseari hasiera eman dio. Orain, uda aurretik, beste hiru saio egingo dira, eraikinaren barne antolaketa adosteko. Saioak maiatzaren 11 eta 31an eta ekainaren 21ean egingo dira. JUNTURA kooperatibako kideen laguntzaz osatuko dira ondorengo saio horiek.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!