Emakumeentzako Jabetze Eskolan izena emateko epea zabalik dago, urriaren 4ra arte
8 ikastaro-tailer, dokumental emanaldia, 2 hitzaldi eta liburu aurkezpen bat antolatu dira Jabetze Eskolaren baitan udazkenerako. Zerrendatu diren ekintza gehienak abendura bitartean burutuko dira, ikasturte osoan luzatuko diren hiru izan ezik; Irakurketa feminista taldea, amatasuna eta feminismoa gogoeta taldea eta gizonak parekidetasunerantz. Gizonentzako foro irekia. Hiru taldeak hiru astean behin elkartuko dira. Pentsalari eta ekintzaile latinoamerikarren testuak landuko dituen irakurketa taldearen jarduna urriaren 16an hasiko da eta asteazkenetan elkartuko da. 20 orduko iraupena izango du guztira, asteartetan izango den Amatasuna eta feminismoa gogoeta taldeak bezala. Luzeagoa, 25 ordukoa izango da berriz, gizonentzako foro irekiaren iraupena. Hau ere urriaren 16an biltzen hasiko dira, asteazkenetan.
Udazkeneko ikastaro eta tailer proposamenetan laburrena, ekoizpen, kontsumo eta zaintza ereduarekiko alternatiba ekofeministak lantzeko tailerra da, egun bakarrean, abenduren 14an egingo da eta hiru orduko iraupena izango du. Bestela, yoga emakumeentzat, emakumeak mugimenduan, Zoru pelbikoa indartzeko tailerra eta Ni ezberdin guztiak besarkatu autoestima tailerra izango dira, urritik abendura bitartean.
Gainera, Ama ta Asunak izenburupean, amatasuna lantzen duen dokumental emanaldia eta hausnarketa saioa egingo da, urriaren 22an; haurren eta nerabeen aurkako indarkeriaz hitzaldia, urriaren 24an, eta familia erregularizazioaren inguruko argibideak emango dira azaroaren 7an. Autodefensa feminista. Más allá de aprender a decir no liburuaren aurkezpena ere antolatu da, azaroaren 19rako.
Antolatu diren ikastaro, hitzaldi eta bestelako ekintzen inguruko informazioa biltzen duten liburuxkak etxeetara, postontzietara banatzen ari dira. Parte hartzeko izen-ematea ere egin daiteke jada, urriaren 4ra bitartean. Izena udaleko web ataritik eman daiteke edota informazio-liburuxken atzealdeko orria beteta, udaletxeko HAZ bulegoan utzi daitezke.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!