Emakumeen aurkako indarkeriaren egiturazko izaera aitortu eta diskurtso ukatzaileak baztertzeko beharra aldarrikatu da
Azaroaren 25a pasa berria zen arren, horren harira osatutako adierazpena irakurri eta aho batez onartu zen osteguneko Osoko Bilkuran. Indarkeria matxistaren adierazpen guztien aurrean gaitzespen irmoena adierazi zen, beste behin, baina indarkeria matxista bera ukatzen duten diskurtsoetan jarri nahi izan zen arreta, bereziki, azpimarratuz, gainera, joera neomatxista horiek mutil eta gizon gazteengan eta eremu digitalean zabaltzen ari direla.
Gure gizartean, emakumeen aurkako indarkeria egiturazko arazoa dela aipatzen da idatzian, hau da, emakumeen eta gizonen arteko boterean oinarritzen den arazoa dela. Eta indarkeria hori ezeraztu nahi duten diskurtsoen aurrean, diskurtso feminista zabaldu eta gogoetarako espazioak eraiki behar direla adierazten da. Era berean, emakumeen aurkako indarkeria ezereztu nahi duten diskurtsoen kontra jarduteko hainbat konpromiso hartzen dira:
- Hezkidetza egitasmoaren eguneratze eta manosferaren analisi kritikoa eta indarkeria matxistaren ukapenean oinarritutako diskurtso horien identifikazioa eskuhartze estrategiaren baitan txertatzea. Herri mailako gogoeta espazioak sortu eta elikatzea eta herrian euste-horma kolektiboa aktibatu edozein erreakzio matxistaren aurrean, tokiko eragile guztiekin lan eginez, mezu ukatzaileak indargabetzeko eta tokiko bizitzan barneratzeko.
- Berdinsareatik, eta beste sareetatik, udalerriek sarean ekiteko aukera indartzea, negazionismoari aktiboki aurre egiteko.
- Emakumeen aurkako indarkeria matxista mota guztien aurrean gaitzespena modu aktiboan adieraztea.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!