Emakumeen artean bokazio zientifikoak sustatzen dihardute Mankomunitateak eta Mondragon ZTIM HUB sareak
Lehen pertsonan azaltzen dute eskualdean lan egiten duten hainbat emakumek zientziaren eta teknologiaren arloan izan duten esperientzia, beste emakume batzuentzat eredu izateko helburuz. Orain arte, lau bideo grabatu dira eta Mankomunitateko GOIAZ web orrian eta Mondragon ZTIM HUB sarearen webgunean zintzilikatu dira. Lau protagonistetako bat Ane Blazquez matematikari oñatiarra da.
Ane Blazquezek Ikerlanen lan egiten du eta garrantzitsu eta beharrezkotzat jotzen du emakumearen presentzia zientziaren, teknologiaren, informatikaren, matematikaren edota elektronikaren alorretan. Antzerako mezua azpimarratzen dute Fagor Electrónicako Alaine Gezalak, Polmetasako Maitane Garayk eta Mondragon Goi Eskola Politeknikoko Miren Gomezek. Guztiek beraien esperientzia pertsonalak azaldu dituzte, beren ahotsa benetako erreferentzia izan dadin inguruko beste neska eta emakume batzuentzat, eta horien artean bokazio zientifiko eta teknikoak sustatzeko balio dezan.
Mondragon ZTIM HUB sareak eta Debagoieneko Mankomunitateak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza izan dute ZTIAM Esperientziak ekimen berria martxan jartzeko. Zientzia astea probestu dute grabatu diren lehen lau bideo laburrak zabaltzeko, baina beste ekimen batzuk ere gauzatu dira aste horren harira, adibidez, hitzaldiak antolatu dira eskualdeko DBH eta batxilergoko ikasleei zuzenduta. Karrera profesionala eta akademikoa zientziaren eta teknologiaren esparruan egin duten emakumeek beren esperientzia zuzenean azaltzen diete ikasleei, bereziki neska gazteek hurbileko erreferente edo ereduak izan ditzaten. Ane Blazquez matematikari oñatiarra herrian bertan aritu da halako hitzaldiak emanez.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!