Oñatiko udala

Emakumeak gehiengoa dira gazteen emantzipaziorako dirulaguntza eskaeretan

2023/12/11
Card image cap
45.000 euro baino gehiago banatu ditu udalak 2023ko kanpainan

  2015ean hasi zen Udala gazteen emantzipaziorako dirulaguntzak ematen. 18 eta 35 urte bitarteko gazteei alokairuan duten etxebizitzaren ordainketan laguntzea da helburua. Eta gazteen ongizatean zuzenean eragiten ari direnaren ustean irakurketa oso positiboa egin dute udaleko Haur eta Gazteria departamentuko arduradunek 2023ko kanpainan jasotako datuen berri ematerakoan.

  45.000 euro baino gehiago banatu dira aurten. Eskaera kopuruari erreparatuta, 40ren bueltan egonkor mantentzen da, eta aurten 37 bideratu dira, iaz baino 5 gutxiago. Baina hori ulertzeko Eusko Jaurlaritzak ematen dituen Gaztelagun dirulaguntzak aipatu behar dira, diru sarreren arabera horiek eskatzera behartuta baitaude Oñatiko gazteak. Hala, udalean aurkezten diren eskaeren erdiak, gutxi gora behera, Eusko Jaurlaritzara bideratu behar izaten dira. Hala ere, eskaera berrien kopurua mantendu egin da aurten. Gaztelagun programa eta Oñatiko dirulaguntzen artean etxebizitza emantzipazioa lortu duten herriko gazteen kopurua oso altua da, Haur eta Gazteria udal departamentuak azpimarratu duenez.

  Eskatzaileen profilari erreparatuta, laguntzak 18 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzenduta dauden arren, 30 urte edo gutxiago dutenak dira nagusi, % 72,2, hain zuzen. Eta aipagarria da, baita ere, emakume eskatzaileen nagusitza, azken urteetan errepikatzen ari dena. Udalak onartu dituen 37 eskaeretatik 22 emakumeenak izan dira; 2015ean, 6 emakumek bakarrik eskatu zuten emantzipaziorako dirulaguntza. Zentzu horretan, neska gazteen kolektiboan dirulaguntza hauek positiboki eragiten ari direneko ustea dute udal arduradunek.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!