Eltziako tabernako esleipena eta udala eta Eskola Kirola elkartearen arteko lankidetza hitzarmena hizpide izango dira gaurko Osoko Bilkuran
Gai gutxi jaso dira gaurko lan zerrendan, eta azken ordukorik ez bada aurkezten, bilera arina izatea espero da. Aurreko bilerako agiriaren onespena eta azken galde-erreguak atalaz gain, 5 gai zerrendatu dira.
Eltziako tabernaren esleipen-oinarriak gaurko bileran azalduko dira. Larrañako eraikinaren gune nagusiak egokitzeko lanen baitan, taberna sarrerako solairuan prestatu da. Tabernaren kudeaketa esleitzeko prozesua abiatu nahi du udalak eta horretarako baldintzak aurkeztuko dira arratsaldean.
Eskola Kirola kudeatzeko herriko ikastetxeek elkarte bat sortu dutela iragarri zen azaroko Osoko Bilkuran. Gaurkoan, eta 2018ra begira, udala eta Eskola Kirola elkarte horren arteko lankidetza hitzarmena zertan den azaldu eta egoki ikusiz gero, sinatzeko proposamena egingo da.
Urtea amaitzear dagoen honetan bestalde, urte hasieran Oñatin erroldatuta zeuden biztanleen datu ofiziala eman eta onartuko da. Ia urtea joan da baina errolda datua egiaztatzen duen INE institutua oso atzeratuta ibili ohi da. Urtero, azaro-abenduko bilkuran onartzen den kopurua da. Arantzazuko auzo alkate berria izendatzeko proposamena eta Emakumeentzako Jabekuntza Eskolaren haritik hartutako hainbat alkate dekreturen berri ere emango da gaurko bilkuran.
Oñati irratiak zuzenean eskainiko du Osoko Bilkura, ohikoa duenez.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!