Eltzia taberna-kafetegiaren ustiaketa lizitaziora aterako du Udalak apirilaren 17an
2018ko urte amaieran ireki zen Eltziako taberna-kafetegia, Eltziako eraikin eraberrituan, zerbitzu-emakida bidez. Kontratua gehienez luzatu zitekeen epean luzatu da, 2023ko otsailera arte, pandemiak eragindako derrigorrezko itxialdiaren tartea batuta. Azken Tokiko Gobernu Batzarrean lehiaketa publiko berrirako oinarriak onartu ziren eta apirilaren 17an irekiko da eskaintzak aurkezteko epea.
Taberna-kafetegiaren kudeaketa, administrazioa eta ustiaketarako derrigorrezko baldintzak, betebeharrak eta zehaztasunak jaso dira oinarrietan, baita lehiaketara aurkeztu ahal izateko interesdunek bete beharko dituzten eskakizunak ere. Oinarriok apirilaren 12an argitaratuko dira udaleko web gunean eta hurrengo astelehenean, 17an irekiko da eskaintzak aurkezteko epea, maiatzaren 12ra arte. Eskaintzak aurkezteko bi bide izango dira: telematikoki, EAEko kontratazio atariaren bitartez, edota, fisikoki, udaletxeko HAZ bulegoan.
Agiri administratiboen egokitasuna eta eskaintza tekniko eta ekonomikoa baloratuko ditu Udalak eta puntuazio altuena jasotzen duenari esleituko zaio zerbitzua. Bi urterako kontratua izango da, beste bi urtez luzatzeko aukerarekin.
Lehiaketara aurkezteko interesa dutenek aukera izango dute instalakuntzak bertatik bertara ikusteko. Bisita maiatzaren 4an, 15:00etan egingo da. Bertaratzeko asmoa dutenek aldez aurretik jakinarazi beharko dute partaidetza@onati.eus helbidean edota udaletxeko telefonora deituta (943 78 04 11).
Eltziako taberna-kafetegia zabalik dago egun. Kudeaketaz arduratzen direnek apirila amaieran utziko dute eta ondoren, taberna itxita egongo da esleipena burutu bitartean. Egun horiek probestuko dira garbiketa eta ikusketa orokorra egin eta egin beharreko konponketak gauzatzeko.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!