Eltzia taberna bisitatzeko interesa agertu dute hiruzpalau lagunek
Maiatzaren 12an amaitzen da Eltzia taberna-kafetegiaren ustiapen-lizitaziora proposamenak aurkezteko epea. Baina aurrez, instalazioak ikusteko bisita antolatu du Udalak, etzi arratsalderako. Joateko interesa dutenei aurrez jakinaraztea eskatzen zaie, udaletxera deituz edo Partaidetza teknikariarekin harremanetan jarrita eta honek hiruzpalau lagunen deia jaso duela adierazi digu. Gerta liteke, ordea, aurrez abisatu gabe beste lagunen bat hitzordura agertzea. Gogoratu, Eltzia tabernako instalazioak ikusteko bisita ostegunean, 15:00etan egingo dela.
Instalazioak ikusteko bezala, Eltzia taberna-kafetegiaren ustiapena hartzeko interesa ere agertu dute hainbat lagunek baina proposamen formalik presentatu ote den ez da jakitera eman, horretarako epea, maiatzaren 12an amaituko baita. Udalak, bi urtetarako kontratua esleitu nahi du, beste bi urtez luzatu daitekeelarik. Kontratazio baldintzetan, taberna-kafetegia zerbitzua eman beharreko egutegia, gutxieneko ordu kopurua eta oporrak kontuak zehazten dira. Garbitasun eta mantentze ardurak, zerbitzarien euskara gaitasuna, errotulazio eta komunikazio hizkuntza edota lizitazio prezioa ere zehazten dira, besteak beste. Baldintza plego osoa udaleko web atarian zintzilikatuta dago.
Eltzia taberna-kafetegia, asteartetik ostiralera, egunero lau orduz ireki beharko da eta larunbatetan, 8 orduz ireki beharko da, gutxienez. Astean gehienez ere egun batez, hau da, 24 orduz, itxi ahal izango delarik. Asteko atsedenerako eguna udalarekin adostuko da, opor egunen antzera, baldin eta jarraian 15 egun baino gehiagoz itxi nahi bada. Baldintzetan, dena den, oporrengatik urtean 30 egunez establezimendua ixteko eskubidea jasota dago. Gaixotasun, istripu edo beste arrazoiren bategatik kontratuaren arduraduna bajan badago, ordezko bat izendatu beharko duela ere zehazten da, beti ere, zerbitzua ematen jarraitu ahal izateko. Hileko 200 euroko lizitazio aurrekontua finkatu du Udalak, eta horren pareko edo gehiagoko proposamenak aurkeztu beharko dira, jakinik, eskaintza ekonomikoa izango dela zerbitzua esleitzerakoan irizpide nagusia. Hizkuntza betebeharrak ere zehaztu dira kontratazio baldintzetan eta zerbitzariek euskaraz jakin beharko dute eta B2 gaitasun maila izan beharko dute ahoz eta idatziz. Gainera, errotulu, oharrak, prezio zerrendak eta gainerako komunikazio orokorrak elebitan egingo dira, euskarari lehentasuna emanez.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!