Elorregiko autobus geltokia hobetzeko hitzarmena sinatu dute Foru Aldundiak eta Oñati, Arrasate eta Bergarako udalek
Goizean Oñatiko udaletxean sinatu den hitzarmenaren ondorioz, komuna barne duen markesina berri eta modernoa instalatuko da Elorregiko geltokian,bizikletentzako aparkalekua ere egokituko da eta argi-instalazio hobetuko da, inguruneari segurtasun handiagoa emanez. Lanek, 222.000 euroko aurrekontua dute eta lau erakundeen artean finantzatuko dute: mugikortasuneko foru kutxak % 60a hartuko du bere gain (133.223,77 euro) eta gainerako % 40a (92.673,07 euro) Oñati, Arrasate eta Bergarako udalen artean banatuko da. Dagoeneko prest dagoen proiektua exekutatzeko 12 asteko epea finkatu da.
Markesina berriak 56 m2-ko azalera hartuko du, eta espaloia zabalduko da gutxienez, bi metroko zabalera izan dezan. Komuna instalazioa izan da proiektuaren erronka nagusietakoat, ur-hornidurarako zailtasunak tarteko. Horregatik, behin-behineko komun kimiko bat jarriko da, eta etorkizunean komun-zerbitzu autogarbigarria jartzea aurreikusten denez, horretarako azpiegitura prest utziko da.
Bizikletentzako aparkalekuak eta markesinak argiztapen berezia izango dute eta informazio-pantaila ere jarriko da autobusen ordutegiak eta ibilgailuen unean uneko kokapena azaltzeko. Erabiltzaileei zerbitzu hobea emango dieten beste hobekuntza batzuk instalatuko dira.
Horixe da Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatu Rafaela Romerok azpimarratu duena, alegia, azpiegiturak asmatu eta jartzea garrantzitsua dela baina horiek mantendu eta hobetzea ere ezinbestekoa dela.
Oñatiko Udala arduratu da Elorregiko autobus geltokian gauzatuko diren hobekuntza lanen proiektua idazteaz. Obraren lizitazioa ere Udalak egingo du eta prozesua martxoan bertan abiatzeko asmoa dago. Oñatitik lan handia egin dela nabarmendu du Izaro Elorza alkateak, ez proiektua aktibatu eta diseinatzeko bakarrik, baita erakundeen arteko lankidetza sustatzeko ere. Alde guztien arteko solaskidea izan da Oñatiko Udala eta lankidetzan aritu beharrak prozesua luzatu duen arren, horren alde hartutako konpromisoa bete dela azpimarratu du Elorzak.
Arrasateko alkate Maria Ubarretxenak gogoratu du Arrasateko aurrekontu parte-hartzaileetan eskari handiena eragin zuen proiektuetako bat dela Elorregin komun publikoa jarri eta bestelako hobekuntza lan batzuk egitearena. Gorka Artola Bergarako alkateak berriz, azpimarratu du, lankidetza eragin duten lanak Bergarako lurretatik kanpo egonda ere, erakunde publiko bezala, badagokiela herritarrei ahalik eta zerbitzurik onenak bermatzea. Eta oraingo elkarlanerako konpromiso hau beste batzuei bidea irekitzeko lehen pausoa izatea espero duela.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!