Oñatiko udala

Elorregiko autobus geltokia egokitzeko lanak lizitaziora atera ditu Udalak

2023/05/03
Card image cap
Bihar amaitzen da proposamenak aurkezteko epea

  Elorregiko autobus geltokia hobetzeko lanen lizitazio prozesua abiatzea onartu zen martxoko Osoko Bilkuran, Oñati, Arrasate eta Bergarako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, hartarako lankidetza hitzarmena sinatu ondoren. 222.000 euroko aurrekontua zehaztu zen hitzarmen horretan eta diputazioak % 60ko dirulaguntza emateko konpromisoa hartu zuen. Gainontzekoa hiru udalen artean banatuko dute. Hitzarmenean, lanen gidaritza Oñatiko udalak hartuko zuela ere jasotzen zen eta hala egin du, San Prudentzio geltokian autobus eta bainu geltokia egokitzeko lanetarako esleipen prozesua abiatuz.

  Taper arkitektura taldeak idatzitako proiektuaren arabera, markesina berria, komuna, bizikletentzako aparkalekua, informazio pantaila eta argiztapen fokuak jarriko dituzte Elorregiko geltokian. 56 metro karratuko azalera eraikia hartuko du geltoki berriak: mutur batean bainu pieza egokituko da, eta bertara sartzeko, itxaron gunea; bestean berriz, bizikletak aparkatzeko gunea egokituko da. Komuna behin behineko bainu kimikoa izango da, markesinaren kokapenak ez duelako ur hornidurarik, egun. Dena den, etorkizun hurbilean berez garbitzeko kabina instalatzea da asmoa.

  Esleipenera atera diren lanek 203.548 euroko aurrekontua dute eta  12 asteko exekuzio epea zehaztu du Udalak. Bihar, maiatzaren 4an amaitzen da proposamenak aurkezteko epea. Esleipenerako irizpide nagusia eskaintza ekonomikoa izango da, % 80, eta berme epea luzatzea %20 baloratuko da.

  Elorregin egokituko den azpiegitura berriaren mantentze lanak egiteko akordioa ere adostu dute Oñati, Arrasate eta Bergarako udalek Mankomunitatearekin. Hala, Debagoieneko mankomunitateak hartuko du bere gain azpiegitura berria mantentzeko eta geltoki inguruko zerbitzuak kudeatzearen ardura, hondakinen bilkura edota komunaren garbiketa, esaterako.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!