Oñatiko udala

Elkartasuna oinarri "Faktoria soziala" proiektua abiatu du Ganbara Faktoriak

2023/05/09
Card image cap
San Martin egoitza eta AFAGI elkartearekin lan egingo dute eta Fair Saturday elkartasun kontzertua eskainiko dute

  Urtebeterako plangintza osatu du Ganbara Faktoriak, elkartasun egitasmo ezberdinak gauzatzeko. San Martin egoitzako Kultur astean parte hartuko dute, Gabon eguneko kantu erronda bertatik abiatuko dute eta 2024ko Emakumearen egunaren bueltan, egoitzako zaintzaile eta langileak omenduko dituzte, egiten duten lana aitortu eta eskertuz. Baina San Martingo egoiliarrak kantuan jartzeko proiektu bikoitza dute: tailer parte hartzaile bat egingo dute eta Etxeko abesbatza martxan jarriko da.

  AFAGI elkartearekin elkarlanean jarraituko du Ganbara Faktoriak. Hots Abesbatzaren Oroimenean proiektua izan zen elkarlan horren lehen emaitza eta familiei eta zaintzaileei eskainitako kontzertua izango da hurrengoa. Horretarako datarik ez da zehaztu oraindik baina lanean ari direla esan zuen Aitor Biain zuzendariak, atzo egindako aurkezpenean. Agerraldian AFAGI elkarteko presidente Iñaki Olalde oñatiarrak ere berba egin zuen eta irailean, Oñatin, arreta emateko bulego bat irekiko dutela iragarri zuen.

  AFAGI elkartea Udalarekin elkarlanean ari da eta laster sinatuko den lankidetza hitzarmena adostu dute, hiru urterako. Gipuzkoan 13.000 Alzehimer gaixo dago diagnostikatuta. Oñatiko gaixoek eta beraien senitarteko eta zaintzaileek lehen arreta zerbitzua herrian bertan izango dute irailetik aurrera.

  Ganbara Faktoriaren elkartasun egitasmoaren hirugarren oinarria Fair Saturday kontzertua da. Azaroaren 25ean eskainiko da eta bildutako dirua elkartasun erakunderen bati bideratuko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!