Oñatiko udala

Elkartasun Taupadak azoka egingo da larunbatean, bailarako ekosistema solidarioa ezagutarazi eta sustatzeko

2024/12/10
Card image cap
Gobernuz kanpoko 10 erakundek parte hartuko dute, gozogintza eta 2. eskuko salmenta postuekin batera

  Gabonen aurreko ohiko ekitaldia bihurtu da Elkar Hezi ikastetxeak antolatzen duen elkartasun azoka. Larunbatean plazara itzuliko da, 10:00etatik 14:00etara. Debagoienako ekosistema solidarioa ezagutarazi eta sustatu nahi da, herri mailan diharduten talde txikiei leku berezia gordeta. Hala, 7 udaberri, Erei elkartasuna, Bidezko merkataritza, Hotz Oñati, Sahara, Misio taldea, Gurutze Gorria eta Bilboko Senegal elkarteak parte hartuko dute Elkartasun Taupadak azokan, ikasle eta irakasleek eramandako gozogintza eta bigarren eskuko produktuen salmenta postuekin batera. Haurrei zuzendutako tailerrak eta jolasak ere ez dira faltako.

  Elkar Hezi ikastetxeak agenda 2030eko aldarrikapenekin bat egiten du urtero eta horren lanketa egiten dute eskola barruan nahiz kanpoan. Hala, migrazio fluxuak, giza eskubideen urraketa, genero indarkeria, pobrezia energetikoa eta beste zenbait gai txertatzen dituzte eskolako programazioan. Urrian, esaterako, Barcelonako manteroen errealitatea ezagutzeko aukera izan zuten ikasleek, Erei elkarteak gonbidatu zuen Top manta Barcelona taldeko kide baten bitartez eta azaroan, berriz, Valentzian kaltetutakoei laguntzeko material bilketa egin zuten eta 20 kaxa bete produktu bidali zituzten. Herrian, Hotz Oñatik antolatzen dituen elikagai bilketetan ere parte hartzen dute, boluntario gisa.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!