Elkarretaratzea deitu da arratsalderako, Iruñean larunbatean izan zen hilketa matxista salatzeko
Oñatiko Sare Feministak Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxaren eskutik deitu du elkarretaratzea plazan, gaur arratsalderako, 19:00etarako. Iruñean larunbatean izan zen hilketa matxista salatuko da. Iruñeako Ermitagaña auzoko Anayak tabernan bikotekidea hil izana aitortu zuen gizonari hilketa eta tratu txar delituak egotzi dizkio epaileak eta behin behineko kartzelaldia eman dio.
Euskal Herrian zortzi astetan izan den laugarren hilketa matxista da Iruñean larunbatean gertatutakoa eta Euskal Herria sutan dela dio hilketa honen harira Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak zabaldutako idatziak. Sutan eta nazkatuta! Eta gizartearen antolaketa patriarkalari egozten dio emakumeek pairatzen dugun indarkeria matxista. Egiturazko arazoa dela dio idatziak, sistema heteropatriarkalaren ondorioa, eta ez dela etengo matxismoa bukatu arte.
Gaur arratsaldean plazan egingo den elkarretaratzean irakurriko den mezuan, indarkeriarik, arrazakeriarik eta gorrotorik gabeko bizitza izateko eskubidea aldarrikatuko da. Eskuina aurrera egiten ari den garai honetan, politika feministak aldarrikatzea inoiz baino garrantzitsuagoa dela adieraziko da, bai lortutako guztiari balioa emateko eta atzerapausorik ez onartzeko.
Udalak bat egin du Oñatiko Sare Feministask deitu duen elkarretaratzearekin eta halaxe agertzen da udal web atarian, hilketa matxista salatzen da mezu nagusiarekin. Iruñeako hilketa matxista salatzeko elkarretaratzea 19:00etan izango da plazan.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!