"Elkarbizitzarako, bakerako, etxerako bidean" lemapean manifestazioa deitu du Sarek larunbaterako
Egungo osasun egoerak eraginda, herriz herriko mobilizazioak eginez osatuko du Sarek presoen eskubideen aldeko eta elkarbizitzarako urteroko hitzordua. Larunbatean izango da, Eltziatik 17:00tan abiatuta. Mobilizazioak herrietara eramateak tokian tokiko aldarrikapenak egiteko aukera emango du, nahiz eta amaieran, testu bateratu bat irakurriko den herri guztietan. Oñatin, adinean aurrera doan Joseba Arregi eta ELA gaitza duen Gotzon Telleria herritarrak bereziki gogoan hartuko dira.
Arregi Martuteneko espetxean dago, 75 urte ditu eta azken 29ak preso daramatza. Dagoeneko kalean beharko luke Frantzian betetako kartzela-urteak zenbatuta baina ez zaizkio kontutan hartzen. Bigarren graduan dago eta eskatu dituen gradu aldaketa eta baimenak sistematikoki ukatu zaizkio. Gotzon Telleria, berriz, Kantabriako El Dueso epetxean dago, bigarren graduan baita ere. 65 urte ditu, zigor luzea du, 30 urtekoa, baina ELA dauka, gaixotasun sendaezina, eta halako presoei aplikatu ohi zaien aringarria aplikatzea eskatzen da. Aldarrikapen zehatz horiek jakinaraziko dira larunbatean Eltziatik plazaraino egingo den manifestazio ibilaldian.
Egoerak eskatzen dituen osasun neurriak beteko dira eta iaz egin zen bezala, hiruzpalau zutabetan egingo da ibilaldia eta plazako azken ekitaldian ere partaideen arteko distantzia gordetzeko markak jarriko dira. Eltzia-Kalebarria-Foruen enparantza ibilbidea osatuko da eta amaieran Euskal Herri osorako prestatu den idatzia irakurriko da plazan. Mobilizaziorako aukeratu den lema ere bateratua da, Euskal Herri osorako bakarra: Elkarbizitzarako, bakerako, etxerako bidean, hain zuzen ere.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!