Elkar Hezi ikastetxeko talde batek bideo filosofiko onenaren saria irabazi du Euskadiko Filosofia olinpiadetan
Euskal Herriko Unibertsitateko filosofia fakultateak antolatu dituen VI. Filosofia olinpiadetan bost modalitate ezberdin izan dira: dilema morala eta bideoa, argazkigintza, iruzkin eta marrazki filosofikoa. Guztietan aisia zer den erantzun behar izan dute.
Elkar Hezi ikastetxeko DBH4 eta batxilergoko hainbat ikaslek parte hartu dute filosofia olinpiadetan, modalitate ezberdinetan: batxilergo 2ko bi ikaslek iruzkin filosofikoan, DBH4ko hamar ikaslek argazkigintzan eta beste 18k, bideogintzan, sei taldetan banatuta. Modalitate bakoitzeko hamarna finalista izendatu zituen epai mahaiak eta argazkigintzan eta bideogintzan Oñatiko hiru finalista egon ziren. Eibarko Armeria eskolan egin zen sari banaketa ekitaldia, ostiralean, eta Elkar Hezi ikastetxeko Maider Alberdik, Oier Zubizarretak eta Irati Apaolazak bideogintzako lehen saria eskuratu zuten. Ozio eta aisia hitzekin jolas eginez, aisia negozio bihurtzeko arriskua islatu dute minutu pasatxoko iraupena duen bideoan.
Saritutako lana Bilbon jokatuko den Espainiako Filosofia olinpiadan lehiatuko da, apirilaren 19-20an. Ez da lehen aldia Elkar Heziko ikasleek Euskadiko Filosofia olinpiadatan parte hartu eta saria lortzen dutela.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!