Elkar Hezi ikastetxean ez da grebarik egingo bihar, ezta ondorengo egunetan ere
2010etik berritu ez den lan hitzarmena eguneratu dadin eskatzen ari dira, besteak beste, Kristau Eskolako langileak. Ikasturteko lehen hiru hilabetekoan hainbat lan uzte egin eta gero, segidako zortzi egunetan greba egitera deitu dute sindikatuek, bihar hasita. Oñatin dena den, ez da deialdia jarraituko.
Elkar Hezi ikastetxeko langileen batzarrean greba egun bat egitea proposatu zen baina ez zen onartu. Beraz, bihar eta ondorengo egunetan ere, eskolak emango dira eta gainontzeko zerbitzuak normaltasunez beteko dira,ikastetxetik bertatik jakinarazi digutenez. Gabonetako oporren aurretik, azaroaren 28an, greba partziala egin zen Elkar Hezi ikastetxean; Haur eta Lehen Hezkuntzan gutxieneko zerbitzuak bete ziren bakarrik eta Bigarren Hezkuntzan, eskolak, irakaslearen arabera eman ziren edo ez. Orduan ere, lau eguneko greba deitu zuten sindikatuek itunpeko ikastetxeetan, baina Elkar Hezin bakarrean eta partzialki egitea erabaki zen.
ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek deitu dute datozen zortzi egunetarako greba itunpeko ikastetxeetan. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 200 ikastetxe pasatxotan ikasten duten 120.000 ikasleri eragingo die eta 9.000 langile daude lan uztera deituta.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!