Elikadura osasungarri eta kontzienteari buruzko tailer laburra antolatu du Poz zerbitzuak, ostiralerako

Ohitura osasuntsuen orientazio zerbitzua da Poz; oñatiarron artean bizi ohitura aktibo eta osasuntsua sutatzen duen aholkularitza eta orientazio zerbitzu irekia da. Jarduera fisikoa, elikadura eta oreka emozionala uztartzen dira, atsedenarekin batera, ongizatea hobetu dezaketela jakinekoa baita.
Elikadura osasungarria eta kontzienteari buruzko tailerra antolatu da ostiralerako eta tupper praktiko, osasuntsu eta garaikoak prestatzen erakutsiko da. Ordu eta laurdeneko tailer labur baina praktikoa emango du Amaia Diaz de Monasteriogurenek, bereziki, lantokira eramaten diren bazkariak ahalik eta orekatuenak izan daitezen. Bi ordu aukera zabaldu dira, lan txandaren arabera, ahalik eta langile gehienei aukera emateko. Lehen tailerra, 9:00etatik 10:15etara izango da eta bigarrena, 15:00etatik 16:15etara. Tailerrak Zubikoa kiroldegian izango dira. Izena emateko epea zabalik dago. Informaziorako, Pozeko arduradun Pello Uriarterekin harremanetan jarri zaitezkete: poz.oinati@athlon.eus helbide elektronikoan edo 667 009 359 telefonora deituta.
Apirilaren 11rako elikadura osasungarriari buruzko tailerrak antolatu diren bezala, maiatzean, ergonomiari buruzkoak egin asmo dira. Egunerokoan errepikatzen ditugun mugimendu eta postura desegokiek ondorioak dituzte gure osasunean, mina eragiten dutelako, sarri. Postura eta jarrera egokiei buruz arituko dira maiatzerako antolatzen ari diren tailer berrian. Ikastaro labur edo tailer hauek irekiak dira, interesa duten herritar guztiei zuzenduta.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!