Oñatiko udala

Elikadura jardunaldiak antolatu dira abendurako, tokiko elikadura jasangarriaz hausnartzeko

2024/11/27
Card image cap
3 hitzaldi-solasaldi izango dira, Oñatiko Elikadura Mahaia sortzeko helburua buruan

  Askotariko erronkak ditugu egungo gizartean, tokikotik zein eskala zabalagotik erantzun beharrekoak. Horietako bat da tokiko elikadura jasangarriarena. Ekoizpenetik hasita gure plateretara iristen diren arte, bide oso bat egiten dute elikagaiek. Batzuetan, gainera, milaka kilometro daude ekoizle eta kontsumitzaileen artean. Eta bitartean, gure inguruan, lehen sektorea geroz eta ahulago dago. Ekoizleek lan eta bizi baldintza duinak izan ditzaten, formula berriak lantzea ezinbestekoa da. Jaten dugunak egiten gaituela jakinik, elikadura osasuntsua sustatzea ere oinarrizkoa da. Aipatu ditugun arlo guzti horrek kezkatuta gaiari buruz hausnartzen hilabeteak eman ditu herritar talde batek. Orain, eta hausnarketa herrira zabaldu asmoz, jardunaldiak antolatu dituzte.

  Elikaduraren bueltako jardunaldiak abenduaren 11tik 18ra antolatu dira. Hiru hitzaldi eta mahai-inguru egingo dira: abenduaren 11an, Agroekologia eta etxeko ortua gaia jorratuko du Jakoba Errekondo agronomo eta paisajistak; abenduaren 17an, Kapazak al gara garaian garaiko elikagaiekin bizitzeko? Garaian gara garrantzia eta trantsiziorako alternatibak saioa osatuko dute Amia Diaz de Monsterioguren eta Andrea Larrea dietista-mutrizionistek; Amaitzeko, Tokiko elikadura jasangarria. Etorkizuneko erronkak mahai-ingurua egingo da, Ainhoa Narbaiza Ereindajan koopertibako ordezkariarekin, Asier Garai Eskubaratz ekoizpen proiektuko kidearekin eta Agus Otxoa-Aizpurua Mauxka jatetxeko jabearekin.

  Herritar talde bat ari da elikadura jasangarriaren gaiaren bueltan hausnartzen, esan bezala, baina jardunaldien helburua eztabaida zabaldu eta herritar gehiago erakartzea da. Pauso berriak emateko asmoz dabiltza, eta 2025ean, Oñatiko Elikadura Mahaia sortzeko aukera planteatu zen, atzoko aurkezpen ekitaldian.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!