Elgoibarko hainbat gaztek Gaztelekuan lo egingo dute gaur
Urte sasoi honetan ohikoak dira udaleku ibiltariak edota udako irteerak. Ondorioz, ohikoak dira baita ere gure herrian gaua pasatzeko eskaera egiten duten gazte taldeak. Gaur, Elgoibarko Gaztelekuak antolatu duen udaleku ibiltariko taldea Oñatira etorriko da eta gaua Gaztelekuan pasako du. 35 laguneko taldea da bihar arratsaldeko 18:00ak arte Gaztelekuaren erabilera eskatu duena. Sotoan lo egingo dute baina sukaldea eta bertako tresneria ere erabiliko dute gosaria edo otordu azkarren bat prestatzeko. Egun hauetan Arte Udalekuak egiten ari dira Gaztelekuan eta bertako arduradunarekin koordinazioan aritu beharko dute.
Pasa den astean, uztailaren 3tik 4ra, Bergarako beste talde bat egon zen Gaztelekuan lotan. Bergarako Gaztelekuko 18 nerabe etorri ziren, bertako begiraleak lagunduta eta haiek ere sotoa eta sukaldea erabili zituzten. Eta aste honetarako Ondarruko beste eskaera bat bazuten, baina azken orduan bertan behera geratu dela adierazi digu Haur eta Gaztedia teknikariak. Aurten bideratu diren eskaerak Gaztelekuko instalazioak erabiltzeko izan dira, esan bezala, baina Usakon edo Araotzeko frontoian lo egiteko eskaerak ere izan dira aurreko urteetan.
Eta beste herri batzuetako gazte taldeak gurera etortzen diren bezala, bertakoak ere joaten dira hainbat egunetako ekintzak burutu eta lo egitera beste Gazteleku batzuetara. Oñatitik Debako Gaztelekura joan izan dira, esaterako.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!