Ekintzailetza astea egiten ari dira Larraña institutuan
Lanbide heziketako ikasleen artean autoenpleguaren eta ekintzailetzaren aukera ezagutzera ematea da Larraña institutuan lehenengo aldiz antolatu duten Ekintzailetza astearen helburua. Bide hori hartu duten hainbat lagunen testigantzak azaltzeko hitzaldiak antolatu dira eta formakuntza saioz eta lehiaketa batez osatuko da astea.
Gaur eta bihar, ekintzailetzaz formazioa jasoko duten ikasleek INNOBIDE aholkularitza enpresakoen eskutik. Enpresa baten sorrerarako ideia nola landu eta ideia gauzatzeko eman beharreko urratsen inguruko argibideak emango dira. Atzo hasi eta ostegunera bitartean, berriz, hainbat ekintzailerekin hitzaldiak antolatu dira, beraien esperientziaren testigantza eman dezaten. Gaur esaterako, Ainhoa Unamuno oñatiarrak berba egingo du. Baina kirol zerbitzuak bezala, mekanizazioa edota mantentze lan elektromekaniko arloekin erlazionatutako zerbitzuak ematen dituzten enpresa eta autonomoen hitzaldiak programatu dira, hau da, Larraña institutuan eskaintzen diren erdi mailako zikloekin harremana dutenak. Ostegunerako antolatu den hitzaldian Zuazola institutuko DBH4. mailako ikasleek ere parte hartuko dute.
Ostiralean, amaitzeko, ikasleen arteko lehiaketa egingo da. Ikasturteko lehen hiruhilekoan enpresa bat sortzeko erronka bete behar izan dute ikasleek, taldeka. Ostiralean enpresa horien gaineko aurkezpena egin beharko dute eta proiektu bat sarituko da.
Ikasleak ekintzaile izan daitezen motibatzeko, edo gutxienik autoenpleguaren bidea hartu dezaketela ikusarazteko, antolatu da Ekintzailetza astea Larraña institutuan.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!