Oñatiko udala

Ekin eraiketak enpresak egingo ditu Azpilletako eta Goiko Bentako ur sareak lotzeko lanak, Arantzazun

2023/02/20
Card image cap
Martxo erdialdean hasi eta ekainerako amaitzea aurreikusten da

  Gipuzkoako Ur Kontsortziok kudeatzen duen uraren ziklo integraletik kanpo dago Azpilletako ur sarea. Udan, bereziki,  ura ez edangarri bihurtu duten kalitate arazoak antzeman dira hornidura sare horretan. Arazoa behin betikoz konpontzeko egun berezita dauden Goiko Bentako eta Azpilletako ur deposituak lotuko dira, Arantzazuko ur hornidura osoa udal sarean sartuz. Lotura hori Zelai Zabal jatetxeko ur hartune ingurutik abiatuko da eta Zapiarbe baserri ingururaino hodi berri bat botatako da. Akuegiko errota inguruan, bi tarte txikitan, errefortzuak egingo dira eta beste zenbait puntutan presioa murrizteko eta trazatuan hobekuntza lanak egitea aurreikusten da. Azpilletako ur-deposituan punpatze sistema berria jarriko da, Mendietxeberri baserria hornitu ahal izateko, eta bide horretan, argindar hartune berria egingo zaio ur-deposituari. Ur-kontagailu guztiak berrituko dira eta Azpilleta ur-andeleko giltza ganberako kolektoreak aldatuko da. Azpilletako ur sareak 27 erabiltzaile dauzka gaur egun.

  Lanak egiteko esleipenera bi enpresa aurkeztu ziren eta eskaintza ekonomikoan oinarritutako balorazioan Ekin eraiketak S.L enpresa nagusitu da, udalaren lizitazio aurrekontua 5.000 eurotan merkatuta. Lanak, 223.749 eurotan egingo ditu eta Udalak eta Gipuzkoako Ur Kontsortzioak erdi eta erdi ordainduko dute. Baina halakoetarako dauden dirulaguntzak eskatuko dira. Lanak hilabete barru, martxo erdialdean hasiko dira eta ekainerako amaitzea aurreikusten da.

  Arantzazun bezala beste hainbat auzotan ere ur hornidura arazoak daudela jakinekoa da eta horiek, konpontzeko ahaleginean ari dira udal arduradunak. Urrexolako zenbait baserritan, esaterako, ur falta arazoa izaten dute, bereziki udan. Konponbidea aztertzen ari dira, auzotarrekin batera adostu eta gauzatu ahal izateko, Arantzazun egin den bezala.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!