Ekainaren 9ko europar parlamentuko hauteskundeetarako hautesle erroldak ikusgai daude, datorren astelehenera arte
Europar Parlamenturako hauteskundetarako prozesua martxan da. Ekainaren 9an bozka eman ahal izango duten hautesleen zerrenda ikusgai dago udal bulegoetan. Errolda datuak zuzenak direla ikustea bereziki komenigarria da, 18 urte bete berri dituztenentzat, helbidez aldatu direnentzat, izan herri barruan edo beste herri batetik Oñatira etorrita, edo atzoko hauteskundeetan identifikazio arazoren bat izan zutenentzat. Baina estatuan jaiotakoez gain, Europar Batasunean jaio, estatuan erroldatuta egon eta bertan bozkatzeko borondatea azaldu dutenen datuak ere jaso dira oraingo hautesle erroldan. Zerrendak kontsultatzeko udaletxeko HAZ bulegora joan behar da, nortasun agiriarekin, pasaportearekin edo gida baimenarekin. Astebeteko epea dago horretarako, gaurtik apirilaren 29ra arte. Kontsulta horrekin botoa emateko eskubidea dutenek beraien datuak egiaztatuko dituzte. Izen-abizenak eta helbidea ondo dauden ikusi eta hala ez bada zuzenketa eskatu ahal izango dute, HAZ zerbitzuan bertan.
Ekainaren 9an bozka zuzenean, dagokien hauteskunde mahaian ematerik ez dutenek, posta bidezko botoa eskatu dezakete jada. Tramitea, estatuko edozein posta bulegotan egin daiteke maiatzaren 30era bitartean. Atzerrian daudenek dagokien kontsulatuan egin beharko dute eskaera. Braille sistema bidezko botoa eskatzeko epea ere zabalik dago, maiatzaren 13ra arte.
Hautagaien behin behineko zerrendak maiatzaren 8an argitaratuko dira eta beharrezko zuzenketak eginda, behin betiko zerrendak 14an kaleratuko dira. Hauteskunde kanpainako ekintzetarako leku eta lokal publikoen zerrenda osatu eta jakinarazi beharko dute Udalek, datozen egunotan, eta maiatzaren 11tik 15 erako tartean, hauteskunde mahaitan egon beharko duten herritarrak izendatzeko zozketa ere egin beharko dute.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!