Oñatiko udala

Ekainaren 9an hauteskunde-mahaitan egon beharko duten herritarrak izendatzeko zozketa bihar eguerdian egingo da

2024/05/09
Card image cap
Zerrenda udaleko web atarian kontsultatu ahal izango da

  Bihar 12:00etan egingo da Europako Legebiltzarrerako hauteskundeetan mahaitan egon beharko duten presidente, bokal eta ordezkoak izendatzeko zozketa. Ondoren, jakinarazpenak prestatu eta banatzen hasiko dira. Baina oraingoan ere, zozketaren emaitza udaleko webgunean kontsultatu ahal izango da, ordu gutxiren buruan. NAN zenbakia sartzea nahiko izango da. Izendatuen kasuan, zein ardura hartu beharko den adieraziko da, eta titular edo ordezkoa den.

  Pasa den apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan izan zen izendapenak zuzenean kontsultatzeko aukera, estreinakoz. Orduan, ordea, argitaratu zen ordezkoen zerrenda luzea zen, 15. ordezkoen izenak ere agertu baitziren, askoren  zalantzak sortuz. Oraingoan argitaratuko den zerrenda laburragoa izango da eta garbi utziko da web atarikoa informazio hutsa dela eta ez duela jakinarazpen ofiziala ordezkatzen. Beraz, titularrek eta lehen bi ordezkoek dagokien jakinarazpen agiria eskura jasoko dute, hurrengo egunetan. Behin jakinarazpena jasota, ardura  hartu edo alegazioa aurkeztu erabaki beharko da. Legez derrigorrezkoa da hauteskunde mahaiko presidente edo bokal lanak betetzea. Baina alegazioren bat aurkeztu nahi duenak, jakinarazpen orria jasota zazpi eguneko epea dauka. Bergarako Hauteskunde Juntaren ardura da alegazioak onartu ala ez.

  Pasa den hilabetean egin ziren hauteskundeekiko ez dago alde handirik eta ekainaren 9an ere 15 hauteskunde mahai irekiko dira gurean. Hori bai, San Lorentzo eta Olakuako hautesleen mahaiak Natur Eskolan kokatuko dira, lehenengoko aldiz.

  Atzo argitaratu ziren Estatuko Boletin Ofizialean Europar Parlamenturako Espainian osatu diren 39 hautagaitzen zerrendak. Akatsak badaude zuzentzeko bi eguneko epea dago eta aldarrikatutako zerrendak maiatzaren 14an argitaratuko dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!