Ekainaren 3an sinatuko da Olakuako bosgarren faseko irisgarritasun lanak egiteko kontratua
Olakuako 13-14-15 zenbakidun eraikinek osatzen duten plazatxoa eta inguruak biltzen ditu bosgarren area deritzonak. Oinarrian, espaloiak eta plazarako sarbide eskailerak berritu eta egokituko dira, irisgarritasun neurriak bete daitezen, beti ere, Olakuako beste gune batzuetan jarri den zoladura eredua jarraituz. Ibilgailuentzako oztopo bolardoak jarriko dira, halakoen beharra ikusten denean, eta baranda eta heldulekuak jarriko dira, bereziki eskailera lekuetan. A2B Arquitectos enpresak osatutako proiektua jarraituz, gainera, Olakua 13-14-15 etxe inguruak eraberritzeaz gain, 10D zenbaki inguruko oinezkoen pasabideak ere egokituko dira. Eta aurrez, Olakua 1-2 eta 3 zenbakien inguruetan egin bezala, eskuhartze guneko ur saneamendu eta hornidura sarea ere berritu egingo da. Azken lan horiek Gipuzkoako Urak enpresak ordainduko ditu baina prozeduran txertatu dira eta kontratu berean jaso, dagokion kostua, Udalak Gipuzkoako Urak enpresari fakturatuko diolarik.
Bi enpresa aurkeztu ziren esleipen prozesura eta proposatutako berme epea luzatzea erabakigarria izan da; Asfaltados y Construcciones Morgak bost urteko bermealdia eskaini zuen, beste enpresaren bi urtekoaren aurrean. Lehian zeuden bi enpresen memoria txostenak puntuazio berberaz baloratu ditu Kontratazio Mahaiak eta aurrekontuari dagokionean berriz, kontratatuko den enpresarena pitin bat garestiagoa da baina Udalak zehaztu zuen lizitazio prezioaren azpitik dago. Lanak, 286 mila eurotan egingo dira, Udalak zehaztutako gehienezko aurrekontua 13.000 eurotan merkatuta. Lanak 6 hilabeteko epean egin beharko dira eta, ondorioz, kontratua datorren astelehenean sinatuta, ekainean bertan hasi eta urte amaierarako bukatzea aurreikusten da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!