Ekainaren 15ean irekiko da Hermansoloñaren lokal berria Kale Zaharreko 52an
Hermansoloña taldeko kideak oporretan dira eta horregatik itxi da Bidebarrietako lokala ekaineko lehenengo hamabostaldian. Bi aste hauetan ez da material berririk jasoko. Eta bitartean, Bidebarrietan geratzen diren azken kaxak Kale Zaharreko lokal berrira eramango dira, ekainaren 15ean irekiko baita. Lokala ez ezik, arropa eta zapatentzako edukiontzi zuria ere egun berean irekiko da. Kontainerra Lizaur kaleak eta Kale Zaharrak bat egiten duten inguruan kokatu da, taldeak Kale Zaharreko 52an izango duen lokal berritik hurbil.
Hermansoloña taldeak Oñati herriari eskerrak eman nahi dizkio 15 urte luze hauetan erakutsi duen eskuzabaltasun eta elkartasunagatik. Eta aurrerantzean ere, Kale Zaharreko lokalean herritarren laguntzarekin jarraitzea espero dute. Argentinara materiala bidaltzeko proiektua amaitu den arren, beste elkarte eta talderekin elkarlanean jarraitzen du Hermansoloñak: Caritas, Hotz Oñati, herrian bizi diren sahararrak eta Nepali lagunduz besteak beste.
Udalak jarri du Hermansoloña taldearen esku Kale Zaharreko 52an dagoen lokala, Castillonekua joko aretoa egon zenekoa. 133 metro karratuko lokala da eta Hermansoloñako kideek esan zigutenez eurentzat aproposa. Ekainaren 15ean irekiko da lokal berria.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!