Oñatiko udala

Ekainaren 11 eta 12an Oñatin egingo den Topagune Feminista aurkeztu da

2022/05/03
Card image cap
Bertaratzeko gonbidapena egin dute Bilgune feministako eta udaleko ordezkariek

  Euskal Herriko Bilgune Feministak 20 urte bete ditu aurten eta Oñati aukeratu du urtemugarekin etorriko den Topagunea ospatzeko, pasa den astean aurreratu genuenez. Ekainaren 11n eta 12an izango da 20 urtez paradisuak erretzen... Eztandak dardara gaitzala lelopean. Proposamena pozik hartu zutela adierazi du Izaro Elorza alkateak, Topagune Feministaren helburuak eta udalak berak dituenak bat datozelako puntu askotan. Udalaren II. Berdintasun planak berak, besteak beste, emakumeen antolakuntza sustatzen duela gogoratu du Elorzak.

  Plaza ondoko frontoia izango da Topagune Feministaren gune nagusia ekainaren 11 eta 12an, baina kiroldegia, gaztetxea, gaztelekua eta beste auzo-gune batzuk ere erabiliko dituztela adierazi zuen Bilguneko kide den Jone Arrazola oñatiarrak. Hilerri azpiko Ulmako aparkalekuan berriz, Furgoparking-a egokituko da.

  Hitzaldiak, mahai-inguruak, liburu aurkezpena, film emanaldia edota sormen tailerrak eta sortzaileen azoka izango dira Topagune Feministaren baitan. Gaurkotasun handiko denetariko gaiak jorratuko dira: zaintza lanak, sexu eta genero disidentziak, ekofeminismoa eta etxebizitza eskubidea edo gatazkaren ikuspegi feminista, besteak beste. Larunbat iluntzean ekitaldi nagusia egingo da eta, ondoren, urteurreneko abestia sortu duen Ginger Zarauzko taldearekin, IRA, Chocolate Remix eta DJ Miaurekin batera amaitukodute gaua. Igande goizean Nomadak Gaittun emakume sortzaile eta artisauen azoka egingo da. Aisialdirako tartea ere egongo da marianitada batekin, eta ondoren herri bazkaria egingo dute, inguruko elikadura taldeekin elkarlanean, eta Anariren kontzertuak emango dio amaiera Topagune Feministari. Ttxartelak edo bonoak salgai daude Arrano tabernan, 40 eurotan.

  Topagunea eskualdeko mugimendu feministako kideak elkartzeko momentua izatea ere espero dute Oñatiko feministek. Topagune Feminista ekainaren 11 eta 12an izango da 20 urtez paradisuak erretzen… Eztandak dardara gaitzala lemapean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!