Oñatiko udala

Ekaina erdialdean hasiko dira Elorregiko autobus geltokia egokitzeko lanak

2023/06/05
Card image cap
Gaur sinatuko da kontratua Aplibur enpresarekin

  Enpresa bakarra aurkeztu zen Elorregiko autobus geltokia hobetzeko lanen lizitaziora, Construcciones Aplibur S.L. Aurkeztutako proposamenak zehaztutako baldintzak betetzen zituela egiaztatu da eta lanak berari esleitzea erabaki du Udalak. Goizean sinatu da kontratua. Lanak, udalak jarritako aurrekontu eta epean egingo dira: 203.548 euroren truke eta 12 asteko exekuzio epean. Gogoratu, lanen finantzaketarako lankidetza hitzarmena sinatu zutela Foru Aldundiak eta Oñati, Bergara eta Arrasateko udalek. Diputazioak % 60a ordaintzeko konpromisoa hartu zuen.

  Ekainaren erdialdean hasiko dira Elorregiko autobus geltokia egokitzeko lanok. Taper arkitektura taldeak idatzitako proiektuaren arabera, markesina berria, komuna, bizikletentzako aparkalekua, informazio pantaila eta argiztapen fokuak jarriko dira San Prudentzioko geltokian. 56 metro karratuko azalera eraikia hartuko du geltoki berriak: mutur batean bainua egokituko da, eta bertara sartzeko, itxaron gunea; bestean berriz, bizikletak aparkatzeko gunea egokituko da. Komuna behin behineko bainu kimikoa izango da, markesinaren kokapenak ez duelako ur hornidurarik, egun, baina garbitzeko kabina instalatzea da etorkizun hurbileko asmoa. Lanak amaituta, Debagoeneko mankomunitatea arduratuko da azpiegitura berria mantendu eta geltoki inguruko zerbitzuak kudeatzeaz, hau da, hondakinen bilkura edota komunaren garbiketa kudeatzeaz.

  Aplibur Burgosko eraikuntza enpresa ezaguna da Oñatin, Gizarte Zerbitzuetako bulegoak eraberritzeko lanak burutu berri baititu Bidebarrieta kalean.

Iturria:Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!