EH Bilduren 11ordezkarik eta EAJren 6k osatuko dute Oñatiko udalbatza berria
EH Bilduk lehen indar politiko izaten jarraitzen du Oñatin eta orain lau urteko ordezkaritza handitu du, 11. zinegotzia lortuta. EAJk berriz, zinegotzi bat gutxiago izango du datozen lau urteetan, 6, alegia. Oñatiko udalbatza bi taldek soilik osatuko dute, azken hiru legealditan bezala. Polarizazio hori ez da Amaia Erostarbe, EAJren zerrendaburuaren gustukoa, eta anitzagoa litzatekeen udalbatza nahiago lukeela adierazi digu.
Abstentzioaren igoera da atzoko hauteskundeen harira nabarmendu den beste datu bat, ia % 36koa izan baita Oñatin, orain lau urte baino 8 puntu pasa handiagoa. Horrek, alderdi guztiek jaso duten boto kopuruan eragin du, gutxiago izan direlako. Ehunenekotan ordea, emandako botoen araberako proportzioa handitu egin du EH Bilduk. Alde horretatik, pozik azaldu da Izaro Elorza zerrendaburua.
Bozka kopurua ematerakoan ordea, aldeak daude kontsultatzen den iturriaren arabera; Barne Ministerioa eta Gipuzkoako Foru Aldundia ez datoz bat datuetan. EAJk erreklamazio bat jarri duela jakinarazi du, mahai batean izandako botoen datu-ematean akatsa egon dela argudiatuta; EAJri legozkiokeen 223 boto PPri eman zaizkio, jeltzaleen ustez.
Gipuzkoako Foru Aldundiak argitaratu dituen behin behineko datuetan zuzenduta dago EAJk erreklamatzen duen boto kopurua: EH Bilduk 3.278 bozka lituzke, EAJk 1.931, PSE-EEk 218 eta PPk 55. Baina horiek, esan bezala, behin behineko datuak dira, Ministerioak argitaratu dituenen antzera.
Eta hemendik aurrera zer? Udalbatza berria eratu eta alkatea aukeratzeko bilera berezia ekainaren 17ean egingo da. EH Bilduk handitu duen gehiengoari esker, Izaro Elorzak jarraituko du Oñatiko alkate izaten. Hauek dira Oñatiko udalbatza berria osatuko dute hautetsiak: EH Bildutik, Izaro Elorza, Xabier Igartua, Lierni Altube, Anik Zubizarreta, Iñigo Ruiz, Iñaki Olalde, Saioa Arkonada, Iker Oñate, Asier Lauzurika, Ekhiñe Mendi eta Idoia Aierbe; eta EAJtik, Amaia Erostarbe, Xabier Mugarza, Itziar Alonso, Eva Maria Gayubo, Jon Kepa Gerrikagoitia eta Claudia Valdivieso. 17tik 7 udal ordezkari izan dira amaitu berri den agintaldian.
Debagoienera erreparatuta berriz, EH Bilduren nagusitza da esanguratsuena, herri hautagaitza duen Leintz Gatzagan izan ezik, gainontzeko herrietan lehen indarra izan baita. Guztietan alkatetza lortzen duen ala ez, datozen asteetan izan daitezkeen negoziazio eta adostasunen araberakoa izango da. Debagoieneko Mankomunitate mailan, EH Bildu nagusi da, 64 ordezkarirekin, beste alderdi eta taldeenak batuta, 49 baitira, guztira.
Eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan ere EH Bildu nagusi da, bai Oñatin, Deba-Urola barrutian nahiz Gipuzkoan jaso diren emaitzetan. EH Bilduk 22 batzarkide lortu ditu, EAJk 17, PSE-EEk 7, Elkarrekin Podemosek 2 eta PPk 3. Batzar Nagusietan sei debagoiendar egongo dira, talde ezberdinak ordezkatzen, eta EH Bilduren zerrendan zortzigarrena zen Nerea Zubia oñatiarre, Batzar Nagusietarako atean, baina kanpoan geratu da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!