Oñatiko udala

EH Bilduk lortu du botorik gehien Oñatin, EAJrekiko aldea handituz

2024/04/22
Card image cap
Jeltzaleak izan dira alderdi bozkatuena EAEn eta 27 ordezkari dituzte, EH Bilduk bezala

  EH Bilduk lortu du botorik gehien Oñatin,, orain lau urteko emaitzak hobetuz. Boto emaileen ia % 57aren babesa lortu du koalizioak. EAJ da bigarren alderdi bozkatuena, botoen % 32,5arekin. Herriko bi indar politiko nagusien arteko aldea handitzen ari da eta halaxe erakusten dute atzoko hauteskundeen emaitzek. EH Bilduk 3.360 boto eskuratu zituen eta EAJk, 1.917. Orain lau urte, bien arteko aldea 847 boto ziren, atzo, 1.443. Horrek esanahi du, Legebiltzarrerako aurreko hauteskundeetan EH Bilduk jeltzaleei atera zien ia 15 puntuko aldea, 24 puntura handitu dela. Oñatin atzo ireki ziren 15 hauteskunde mahai guztietan nagusi izan zen EH Bildu.

  EH Bilduk, PSE-EEk eta PPk orain lau urte baino boto gehiago jaso zituzten atzo gurean. Txanponaren bestaldean, EAJ eta VOX daude, 2020an baino boto gutxiago jasota.

  Eguna lasai joan zen Oñatin, gora behera handirik gabe, gertaera azpimarragarririk gabe joan zen atzoko hauteskunde eguna gurean.

  Euskal Autonomia Erkidegora, orokorrean begiratuta, EAJ izan zen alderdirik bozkatuena, 370. 554 botorekin baina ordezkaritzan EH Bildurekin berdinduta, 27na legebiltzarkide lortuta. PSE-EEk 12 ordezkari lortu ditu, Eusko Jaurlaritza berria eratzeko erabakigarriak izango direlarik. Aldaketa garaian bete-betean gaudela esan du Izaro Elorza alkateak Oñati Irratiari egindako adierazpenetan eta beste era bateko gobernua osatzeko eskua luzatuta dutela gogoratu du, herritarren mandatua betetzeko gertu. Amaia Erostarbe bozeramale jeltzalea berriz, oso pozik azaldu da, EAJk lortutako boto eta ordezkaritzarekin eta Euskadiko lehen indarra dela azpimarratu du. Bide horretan Pradalesen ardura izango dela gobernua osatu eta hobetzen jarraitzea. Kanpaina egoki bat eginez EAJk lortu baitu dena gaizki dagoela esan eta esan aritu direnei aurre egin ahal izatea, Erostarberen esanetan.

  Atzoko boto kontaketaren ondorengo emaitzak behin behinekoak dira oraindik, atzerrian bizi direnen botoak batu beharko zaizkielako. Baina une honetan eskuartean ditugun datuak arabera, hurrengo Eusko Legebiltzarrean oñatiar bat izango da berriro: Alberto Alonso Martin sozialista. Marijo Etxegoien Arzuaga, berriz, atean geratu da, EAJk 9 ordezkari lortu ditu Gipuzkoan eta bera 10.a zegoen zerrendan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!