EGOITEK enpresak jarraituko du Zubikoa Kiroldegian kirol zerbitzuak antolatu eta eskaintzen
Egoitek SL enpresak urteak daramatza Oñatin fitness eta gimnasia zerbitzuak eskaintzen. Besteak beste, gimnasia egokitua eta terapeutikoa, aerobic, fit-bike, pilates, hirugarren adinekoentzako gimnasia, body-tonoa, zumba, eta abar. Eta horretan jarraituko du datozen bi urteotan, kontratua beste bi urtez luzatu daitekeelarik. Ekainaren 30ean sinatuko da kontratu berria.
Apirilean kaleratu zen Zubikoa kiroldegian hainbat kirol jarduera antolatu, eskaini eta koordinatzeko zerbitzuaren esleipenerako deialdia. Bi enpresa aurkeztu ziren baina bat epez kanpo, ondorioz, bigarren proposamena ez zen kontutan hartu esleipen prozesuan. Egoitek S.L.ren eskaintzak Udalak zehaztutako baldintza guztiak betetzen zituela egiaztatu zuen kontratazio mahaiak eta baloratu ere egin zuen.
Txosten teknikoan zehaztutako ekintza plana, koordinazioa, pertsonala, kalitatea, publizitate eta komunikazioa eta informazio plana baloratu dira eta gehienera lortu zitezkeen 48 puntutatik 41 pasa jaso zituen. Eskaintza ekonomikoa berriz, Udalak finkatutako prezioaren parekoa izan da, hau da, 35 euro/orduko. Horrek esanahi du, urteko aurrekontua 83.217 euro izango dela lehen urtean.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!