"Egin nirekin ere euskaraz!" UEMAren kanpainarekin bat egin du Udalak
Sustraiak beste herrialdeetan izan arren gurean errotu diren hainbat euskaldunen eskaritik abiarazi da kanpaina, askok, lehen hitza erdaraz egiten dietela ikusita. Euskarak kolore asko dituela eta azalaren kolorea askotarikoa izan arren herritar horiek euskaldunak direla gogoratu nahi du kanpainak.
Aurreiritziak baztertu eta lehen hitza beti euskaraz egiteko gonbidapena da Egin nirekin ere euskaraz! kanpainaren gako nagusia, bereziki, parean, haurrak eta gazteak ditugunean. Asko bertan sortuak direlako eta guztiak gure ikastetxeetan euskaraz hezten ari direlako, alegia, euskaldunak direlako. Helduak eredu izan behar dugu horretan ere, eta euskaraz hitz eginda, euskaraz bizitzen lagunduko diegu. Euskara herrien eta kulturen arteko zubi gisa sendotzea eta euskaraz ari den edonori euskaldun dela sentiaraztea dagokigu, sustraiak edonon dituelarik ere. Horregatik oso garrantzitsua da haur eta gaztetxoei bereziki, baina baita helduei ere, lehen hitza euskaraz egitea.
UEMAren kanpainarekin bat egin du Oñatiko Udalak eta kanpainarako argitaratu diren kartel eta diptikoak herrira ekarri dira. Kartelak adierazpen libreko guneetan itsatsiko dira eta diptikoak udal eraikinetan eskuragarri jarriko dira, kultur etxean, kiroldegian edota HAZ bulegoan, besteak beste. Bideo bat ere prestatu da kanpainaren protagonista diren Arlenys, Haider, Anastasia Tsera eta euskaraz berba egin diezaiegun eskatzen diguten beste neska- mutiko batzuekin.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!