Oñatiko udala

"Egia ez diren informazioak" zabaltzea leporatu dio Ulmak Mondragon Korporazioari

2022/12/13
Card image cap
(Arg: Goiena)
Taldearen erabaki prozesuan izan den esku-hartzeari buruzko gogoeta helarazi zaie bazkideei

Ulma Taldeko Kontseilu Orokorrak eta Zuzendaritza Batzordeak, bazkideen artean banatu ditu Mondragon Korporazioko organoek Ulma taldeko kooperatiben erabaki prozesuan izan duten esku-hartzearen gainean egiten dituen gogoetak. Ulma Taldeko zuzendaritzak dio azken asteetan, egia ez diren informazioak argitaratu eta zabaldu dituela Mondragonek, bai Ulma taldeak eta Oronak aurkeztu zioten proposamen alternatiboari buruzkoak eta baita Ulmak ostiraleko Batzar Orokorrean egingo duen proposamenaren inguruan ere.

  Ulma Taldeak berresten du kooperatiba direla eta hala izaten jarraituko dutela Mondragonetik irtetea erabakitzen bada ere. Eta egun elkartasun mekanismoetan parte hartzen duten bezala jarraituko dutela aurrerantzean. Zentzu horretan Lagun Aro, Laboral Kutxa, Mondragon Unibertsitatea eta beste hainbat kooperatiba erakunderen parte direla eta parte izaten jarraituko dutela, Mondragon korporazioko ordezkariek hedabideen bitartez bestelakorik esan duten arren. Aurretik zabaldutako beste komunikatu batetan presionatzen aritzea leporatu zioten Ulmako ordezkariek Mondragon korporazioari.

  Ulma Taldea osatzen duten bederatzi kooperatibetako 2.789 bazkide ostiralean Donostiako Ilunben egingo den ezohiko batzarrera deituta daude. Lehen deialdia 10:00etarako eginda dago, bigarrena, 10:30etarako. Mondragonen baja eman eta korporazioarekin harreman eredu berria bideratu nahi duten ala ez bozkatu dute Ulmako bazkideek.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!