Edukiontzi zuriak aldatzen hasi da Mankomunitatea
Debagoieneko mankomunitateak astean aldatuko ditu kaleetan dauden edukiontzi zuriak. Edukiontzi zuriek aurrerantzean izango duten funtzio berriaz ohartaraztea da helburua. Orain arte arropak, oinetakoak eta, oro har, ehunkiak jasotzeko erabili izan da edukiontzi zuria, baina aurrerantzean edonolako objektu berrerabilgarri txikiak jasotzeko ere erabiliko da: liburuak, jostailuak, gailu elektriko eta elektronikoak, bisuteria eta abar. Oro har, berrerabiltzeko moduan dagoen edozein objektu edo produktu txiki utzi ahal izango da edukiontzi zurietan. Baina garrantzitsua da ebaki dezaketen elementuak ez uztea; aiztoak, kristalak, baxerak eta antzerakoak ez uztea eskatzen da, biltzaileen segurtasuna bermatzeko.
Hemendik aurrera gizarte izaera duen Emaus enpresak objektu eta elementu berrerabilgarri txikiak biltzeaz gain, prozesu zirkular bateko fase guztiak txertatuko ditu bere lanean. Hau da, bildu, sailkatu, garbitu, konpondu eta berrerabiltzeko edo birziklatzeko salduko ditu. Prozesuaren azken helburua ahalik eta gehien berrerabiltzea izango da.
Debagoienako kaleetan jarrita dauden 62 edukiontziak aldatuko dira, erabilera berrira egokitzeko. Arrasateko edukiontziak aldatzen hasi dira gaur baina astean, gainontzeko herrietakoak ere aldatuko dira. Oñatin Mankomunitateak kudeatzen dituen 13 edukiontzi zuri daude eta horiek ere aldatuko dira. Beste edukiontzi zuri berezi bat ere badago herrian, Kale Zaharrak eta Lizaur kaleak bat egiten duten gunean, baina horren kudeaketa Hermansoloña taldeak egiten du zuzenean.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!