Echaide eraikuntzak egingo ditu Torreauzoko bidegurutzean oinezkoen irisgarritasuna hobetzeko lanak
Otsailean zabaldu zuen Udalak Torreauzoko bidegurutze inguruko oinezkoen irisgarritasuna hobetzeko lanen lehen esleipen deialdia eta hutsean geratu zen, bigarrenaren antzera. Orain, hirugarrenean, lanak esleitu ez ezik, kontratua ere sinatu da eta lanak berehalakoan, datorren astean bertan hasiko dira. Construcciones Echaide SA enpresa izan da hirugarren deialdian aurkeztu den bakarra eta Udalak jarritako baldintzak betetzen dituela egiaztatuta, lana berari esleitu zaio. Astelehenean sinatu zen kontratua.
Otadui zuhaiztitik Torreauzora eta Kanpiazelaitik Torreauzora oinezkoen irisgarritasuna bermatu nahi du Udalak, inguruan egokituko den autobus geltokirako bidea egitearekin batera. Foru Aldundiaren aginduz egiten ari diren Goribarko biribilgunearen osagarri diren lan hauetan, errotonda Kanpiazelai industrialdearekin eta Otadui zuhaiztiarekin lotuko da, oinezkoentzako bidea eginez, eta Diputazioak eratuko dituen bi autobus geltokietarako bidea prestatuz. Lanak 8 asteko epean egitea aurreikusten da. Astelehenean hastekoak dira eta iraila erdialderako amaituko dira. Onartutako aurrekontua, 91.356 euro da, Udalak zehaztu zuena baino ia 400 euro merkeagoa.
Goribarko biribilgune berriaren lanak aurrera doaz. Urbieta baserri aldeko errotonda erdia ia amaituta dago, asfaltatzea bakarrik falta da, eta hori eginda, trafikoa bertatik bideratu eta beste erdia eratuko da. Lanok nahi baino gehiago luzatzen ari dira, baina Udalak egingo dituen lan osagarriak ere atzeratu egin dira, hiru deialdi behar izan direlako esleitzeko.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!