EAJk sei proposamen aurkeztu ditu 2025eko aurrekontu proiektua “aberasteko”
EAJren udal taldeak sei proposamen aurkeztu dizkie gobernu taldearen aurrekontu proiektuari; iniziatiba hauek azpiegitura garrantzitsuenetatik hasi eta iraunkortasunaren, komunikazioaren eta zerbitzuen arloko proiektu berritzailetaraino doazela esan du Amaia Erostarbe bozeramaleak. Herritarrek helarazitako eskaerak direla gehitu du, Oñati hobea, inklusiboagoa eta konektatuagoa eraikitzeko helburuz.
Jeltzaleek egindako sei proposamenetako hiru, aurreko urteetan ere aurkeztu ditu: Aldi baterako Herribusen hirugarren linea ezartzea, Oñati eta San Prudentzio artean, Diputazioak garraio publiko zerbitzua birplanteatzen duen bitartean; pantaila digitalak instalatzea herriko hainbat puntutan, herritarrekin komunikazioa hobetzeko eta musika eskola berriaren kokapenaren azterketari behingoz heltzea, udal aurrekontuetan 3 urtetan jaso den partida ukitu gabe baitago. Beste hiru proposamen berri ere egin dizkiote gobernuak zehaztutako aurrekontu proiektuari: Eltzia eraikinean gimnasio osagarri bat sortzea Zubikoako saturazioari irtenbidea emateko; Eltzia parean, barandilla jartzea errepidearen eta jolaslekuaren artean eta Kontzejupetik udal aldizkariaren gaztelaniazko bertsio digitala eskaintzea.
Udal gobernuarekin eta herritarrekin elkarlanean aritzeko konpromisoa berretsi dute jeltzaleek eta EH Bilduk gehiengo absolutua duen arren, elkarlan eraginkorra eskaini diote, aurrez aurre jarri gabe, indarrak batu eta aurrekontu proiektua aberasteko. Orain bi aste aurkeztu zizkieten gobernu taldeko kideei aipatu sei proposamenak jeltzaleek eta negoziatzen jarraitzen dutela argitu dute.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!