Oñatiko udala

Dokumentuak nola kontserbatzen diren erakutsiko da Gipuzkoako Artxibo historikoan

2023/10/20
Card image cap
Lau bisita gidatu antolatu dira, azaroaren 9 eta 11rako

  Gipuzkoako Foru Aldundiak eta tokian tokiko eragileek antolatu ohi dituzten Ondarearen Europako Jardunaldiak martxan dira jada. 100 ekintza baino gehiago antolatu dira urria eta azarorako, ondarea bizirik gai orokorrari erantzunez. Eta inoiz baino gehiago, gure ondarea bizirik mantentzen dituzten moduak aztertu eta ezagutzera gonbidatzen gaituzte. Artisau-lanbideen bidez, kontserbatzeko eta zaintzeko tekniken bitartez, zaintzen duten komunitateei esker eta, batez ere, transmisioari esker. Aurtengo gaia guztiz bat dator Gipuzkoako Artxibo Historikoan egiten den lanarekin, eta bertako ateak irekiz Ondarearen Europako Jardunaldietan parte hartzera animatu dira, beste urte batez.

  Dokumentuak artxiboetan nola kontserbatzen diren erakutsiko diete azaroaren 9 eta 11rako antolatu dituzten bisitetara doazenei. Artxiboetan dokumentuak jaso eta gordetzeaz haratago zaharberritze lanak egiten dira eta gehiago kaltetu ez daitezen babesten dira. Baina, aldi berean, eskuragarri jartzen dira ikerketa akademiko eta pertsonalak egin ahal izateko. Digitalizazioak esaterako, dokumentu originala babesten du baina kontsultarako bidea errazten du.

  Gipuzkoako Artxibo Historikoaren eguneroko jarduna gizarteratzea da bertako arduradunen egarrietako bat. Ate irekiak eta bisita gidatuak antolatu ohi dituzte. Eta urteroko partaide bihurtu dira Ondarearen Europako Jardunaldietan. Azaroaren 9an eta 11an, ordu eta erdiko bina bisita egingo dituzte, 10:00etan eta 12:00etan, euskaraz eta gazteleraz. Dokumentuak zaintzeko hartzen dituzten neurriak eta zaharberritze lanak nola egiten dituzten erakutsiko da. Bisitak doan izango dira baina aurrez izena ematea eskatzen da, plazak mugatuak baitira. Interesatuek, Probintzia Artxibora deitu behar dute: 943 415 060.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!