Oñatiko udala

Diskriminazioaren aurkako mintegia hasi da gaur Lege Soziologia Institutuan

2024/06/06
Card image cap
(Arg: IISJ)
Tratu berdintasunari eta driskriminazio ezari buruzko 15/2022 Lege Integrala aztergai da

  EHUko hiru irakaslek antolatu duten mintegian, estatuko zazpi unibertsitateko 16 irakaslek eta tratu berdintasunaren alde diharduten bost elkarteetako ordezkariek parte hartzen dute. Mintegiaren helburu nagusia da, diskriminazioaren aurkako zuzenbideari buruzko Espainiako azken lege-testuaren alderdi sozio-juridikoen analisia egin eta iritziak partekatzea. Tratu-berdintasunari eta diskriminazio ezari buruzko 15/2022 Lege Integrala da beraz, eztabaidagai nagusia eta legearen berritasunei buruz berba egingo da, beste lege eta herrialde batzuetako araudiekin konparatu eta baloratuko da.

  Diskriminazioaren aurkako zuzenbidearen garapenean kokatzen da mintegia, eta zuzenbidea eta gizarte-mugimenduen arteko harremanaz eztabaidatuko da, sarritan ezinezkoa baita, biak bereiztea. Unibertsitate zaharrean goizean hasi den mintegia 4 saiotan egituratu da, gai hauek jorratzeko: legearen eremu subjektiboa, diskriminazioaren aurkako beste lege batzuei dagokienez; kontzeptu -eta interpretazio- esparrua; gizarte-errealitatearen hainbat eremutan hedatu eta legearen balorazioa, biktimei ematen dien arreta, babesa eta informazioa eta Euskal Autonomia Erkidegoko antzeko legedi baten legegintza-prozesua kontutan hartuta. Guztira, 21 ponentzia aurkeztuko dira.

  EHU, Deustu eta Sevilla, Valentzia, Alcala, Oviedo eta Bartzelonako Autonoma unibertsitateko irakasleekin batera, SOS Arrazakeria, Biltzen, Enarakkoop, Jendarte eta Gehitu elkarteetako ordezkariek egin dute bat bihar eguerdira arte luzatuko den mintegian. Elkarte horiek zuzenean ezagutzen dute aztergai den legea, lege-aholkularitza eta laguntza ematen baitiete diskriminazio-biktima diren kolektibo ezberdinei.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!