Dirulaguntza eskaerak eta horiek bideratzeko lankidetza hitzarmenak nagusi izango dira Osoko Bilkuran
14 puntuko lan zerrenda osatu da ekaineko Osoko Bilkurarako baina sei puntu, deialdi guztietan txertatzen diren tramitezko gaiak dira: aurreko bilkurako aktaren onespen proposamena, azken alkate dekretu eta tokiko gobernu batzordeen berri ematea, presazko gaiak edo larrialdiko mozioak aurkezteko puntuak eta galdera eta eskaeren atala. Bestelakoan, dirulaguntza eskaerak nagusi izango dira arratsaldeko bileran.
Oñatz Dantza Taldearekin lankidetza hitzarmena sinatzeko proposamena egingo du alkateak eta horri lotutako dirulaguntza zuzena onartzea eskatuko da. Gauza berbera egingo da Jaima elkartearekin. Oporrak bakean harrera programaren baitan Oñatiko familietan 4 adin txikikori harrera egingo diete udan eta egitasmoa osatzeko dirulaguntza zuzena ematea proposatuko da. Pake Leku elkarteak ere, 2024ko ekintzetarako dirulaguntza eskatu dio Udalari.
Irulegiko aztarnategiak Aranzadi elkarteak aurkitu zuen brontzezko eskuaren harira dokumentala egin asmo du Labrit Multimedia enpresak eta horretarako udalaren dirulaguntza eskatu du. Euskararen mintzoa da egitasmoaren izenburua eta 3.000 euroko laguntza ematea eskatu zaio Udalari. Gai hau ere arratsaldeko Osoko Bilkuran aztertuko da.
Bihar, ekainak 28, LGTBIQ+ Harrotasun Eguna ospatuko da. Hori gogoan bi adierazpen idatzi irakurriko dira gaurko bileran, udalbatza osatzen duten talde bakoitzaren izenean, bana.
Ekaineko Osoko Bilkura 18:30etan hasiko da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!