Oñatiko udala

Diru kontuak nagusi izango dira arratsaldeko Osoko Bilkuran

2024/05/30
Card image cap
Hainbat dirulaguntzen berri emango da eta 2023ko ondasunen inbentarioaren eguneratzea eta finantza kontrolaren eta ekintza planaren txostenak azalduko dira, besteak beste

  Maiatzeko Osoko Bilkurak kutsu ekonomiko nabarmena izango du. Oñatiko Udalaren eta Bailara elkartearen arteko hitzarmena eta dirulaguntza zuzena onartzea proposatuko da baina Lagun Leku elkarteak egindako dirulaguntza eskaera ere aztertuko da. Udalaren Euskara departamentuak kudeatzen dituen programen kontura ematen diren dirulaguntzen oinarri arautzaileak eta aurtengo deialdia egitea ere onartzea proposatuko zaie udalbatza osatzen duten kideei, arratsaldeko bilkuran.

  Dirulaguntzez gain, udal ondasun eta finantza kontrolerako beste txosten batzuen berri ere emango da gaurko Osoko Bilkuran: 2023ko ondasunen inbentarioa eguneratua aurkeztuko da, 2023ko finantza kontrolaren eta kontu-hartze eginkizunaren laburpen txostenaren berri emango da eta 2023ko ekintza planaren eta honen egokitasun txostenaren berri emango da.

  Bestalde, Oñatiko udalaren lan jazarpenaren eta bereziki sexu jazarpenaren eta generoan oinarritutako jazarpenaren aurkako prebentzio eta jarduera protokoloa aurkeztuko zaie udalbatza osatzen duten kideei, onartu dezaten.

  Maiatzeko Osoko Bilkurarako 15 puntu zerrendatu dira eta aipatutakoaz gain beste batzuk azaltzea posible da, lan zerrendan, presazko gaiak, larrialdi mozioak eta galderak eta eskaerak puntuak ere jaso direlako. Arratsaldeko 18:30etan hasiko da eta zuzenean eskainiko dizuegu.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!