Diru bilketa abiatu du Hotz Oñatik, Turkian eta Sirian izan diren lurrikaretako kaltetuei laguntzeko
Astelehenean Ekialde Hurbila astindu zuten lurrikaren kaltetutakoei laguntzeko ekimenak eskuartean ditu Hotz Oñati taldeak. Dirulaguntzak jasotzen hasi da jada elkartearen kontuan eta elikagaiak biltzeko kanpaina prestatzen ari da datorren asterako.
Hotz Oñatik Laboral Kutxan duen kontuaren bidez (ES08 3035 0005 3300 50078053) edo Bizum (05103) bidez egin daitezke diru ekarpenak, kontzeptu moduan Siria idatzita. Jasotzen den dirua Turkian eta Sirian izan diren lurrikaretako kaltetuei laguntzera bideratuko da, tokian lanean ari diren Gobernuz Kanpoko Erakundeen bitartez, Hotz Oñatik ohikoa duenez.
Beharrak handiak dira zenbait gune guztiz suntsituta geratu direlako, Richter eskalan 7tik gorako indarra izan duten bi lurrikaren ondorioz. 16.000 lagun baino gehiago hil dira eta bizirik dauden asko etxerik eta aterperik gabe kale gorrian geratu dira, dena galduta. Laguntza bideratzen hasita dago, baita nazioartetik ere, baina gabeziak oso handiak dira.
Zaporeak elkarteak ere elikagai bilketa abiatuko du larunbatean Euskal Herriko hainbat tokitan. Siriako gatazkatik ihesi Turkiako mugako eremuetan bizi diren errefuxiatuentzat jakiak jasoko dira. Oñatin ere antzerako bilketa egin nahi du Hotz Oñati taldeak, Zaporeakekin elkarlanean. Baina bilketa nola eta noiz egin zehazten ari dira. Datorren astean izango dela aurreratu digute, bina xehetasunak, astean emango dituzte. Lekaleak kontserban, arroza, pasta, arraina kontserban eta esnea batuko du Zaporeak elkarteak larunbatean eta Oñatin ere izango da bilketarik, baina datorren astean, eta Hotz Oñati taldearen eskutik.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!