Oñatiko udala

Desgaitasuna duten haur eta gazteentzako udaleku irekien egitasmoarekin bat egin du Oñatik

2024/06/11
Card image cap
Udaleku irekien aurkezpena Diputazioan
4 eskaera jaso dira, baina gutxieneko taldea osatzerik ez eta Aretxabaletara bideratu dira

  Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Gazteria, Lankidetza eta Kirol Departamentuak, Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioarekin eta Kutxa Fundazioarekin lankidetzan antolatzen ditu desgaitasuna duten haur eta gazteetzako udaleku irekiak. Oñati eta Andoaingo Udalak ekimenera  batu dira aurten eta aisialdi eskaintza hori herrian egin dute. Oñatin lau eskaera jaso dira baina ez dira nahikoak talde bat osatzeko eta eskatzaileak Aretxabaletara bideratu dira. Herrian Uda kanpainako ekintzetan parte hartzeko aukera eskaini zaie eta bik baiezkoa eman dute; errefortzuko begiraleekin multikirolak ekintzan parte hartuko dute.

  Orokorrean, eta Gipuzkoa mailan, 140 haur eta gaztek parte hartuko dute udaleku ireki hauetan. Udaleku irekiak ekainaren 24tik uztailaren 19ra izango dira, astelehenetik ostiralera, 9:30etik 13:30era. Helburua da desgaitasunen bat duten 10-21 urteko haur eta gazteek aukera izatea aire zabalean aisialdi aktiboaz gozatzeko, beren familia edo hezitzaileak ez diren erreferenteekin. Uda bizi, jarduera fisikoa egin, sozializatu eta dibertitzeko espazio bat da. Programa gauzatzeko 40 begirale kontratatuko dira, talde bakoitzaren beharrak kontutan hartuta.

  Premia bereziak dituzten haur eta gazteak barne hartzen dituzten udaleku ireki hauek garrantzitsuak dira partaideentzat eta baita familientzat ere, sozializazioan eta kontziliazioan eragiten dutelako. Mimo handiz zaintzen den egitasmoa da eta udalekuek langile espezializatuak dituzte, haur eta gazteek behar duten arreta izan eta eskaintzen zaizkien jarduerez gozatu dezaten.

  Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federaziak 10 urte daramatza udalekuak antolatzen, artatzen dituzten familia guztien beharrei erantzuteko. Talde bakoitzaren jarduerak desberdinak izango dira, baina igerilekura edo hondartzara egindako bisitak ez dira faltako, ezta jarduera fisikoa egiteko eta jolasteko guneak ere.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!