Departamentu arteko Zaintza Mahaia martxan jarriko du Udalak
Martxoaren 8aren harira, mugimendu feministak egindako deiarekin bat egin eta udal mailako departamentuen arteko Zaintza Mahaia martxan jartzea erabaki du udalbatzak, aho batez, otsaileko Osoko Bilkuran irakurri zen adierazpen instituzionalean jasotzen denez. Zaintza sistemari buruzko analisia egingo du Zaintza Mahai berri horrek eta estrategia publiko-komunitarioak diseinatzeko eta abian jartzeko elkarrizketarako erabakigune izango da.
Oñatiko etxeko langileen egoera identifikatu eta aztertu, eta haien lan eta bizi baldintzak hobetzeko programa integralak abian jartzea da Udalaren asmoa, besteak beste. Horrez gain, zaintza lanen balio sozial eta politikoa aitrortzen duten komunikazio kanpainak jarriko ditu abian Udalak, erantzunkidetasunari arreta berezia eskainiz eta etxeko langileenak bezalako errealitateak ikusaraziz.
Bizitzari baldintza duin eta justuetan eusteko apustua egiteko unea dela dio martxoaren 8aren haritik onartutako adierazpen instituzionalak. Elkarlanerako eta zaintza sistema publikoaren defentsarako bideak ezarri eta eraikitzea ezinbestekoa dela dio adierazpenak eta zerbitzu publikoak defendatu behar direla azpimarratzen du. Zaintzaren sektorea feminizatutako eta prekarizatutako sektorea dela jasotzen du idatziak eta errealitate hori gainditzeko bitartekoak jartzeko konpromisoa berretsi du Oñatiko udalbatzak.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!