Debako “Zehar heziketa eta programak” enpresak jarraituko du Gaztelekuan zerbitzua ematen
Pasa den astean eta Alkate Dekretuz erabaki zen Gaztelekuko gestio zerbitzuaren kontratua Zehar heziketa eta programak enpresarekin sinatzea berriro. Debakoa, 2015etik Gaztelekuan zerbitzua ematen ari den enpresa da; 2019an kontratu berria sinatu zen eta abenduaren 4an hirugarrena izenpetuko da. Irailean onartu zen esleipen prozesu berrira aurkeztu den enpresa bakarra izan da Zehar heziketa eta programak.
Gaztelekuan haur, nerabe eta familiei zuzentzen zaizkien zerbitzu eta espazioen kudeaketa zuzenaz gain, enpresa esleipendunak gainontzeko herritarrekin harremanak ere bideratu beharko ditu, Gaztelekuak eskaintzen dituen ekipazio eta materialen erabilera beste eragile batzuei ahalbidetzeko. Zuzeneko arreta ordutegitik kanpo ere, Gaztelekuko eraikina asteartetik ostiralera goizez zabalduko da Maratz, lan orientazio zerbitzua eskaintzeko. Azken urtean aparteko zerbitzu moduan kontratatu den Inklusio zerbitzua ere Gaztelekuko kudeaketa kontratu berrian jaso da. Inklusio zerbitzuaren zeregin nagusienetakoa da balizko bazterketa egoera edo arriskuan dauden haur eta nerabeak identifikatu, jarraipena egin eta beharraren arabera lagungarri gerta daitezken beste zerbitzu batzuetara deribatzea. Baita prebentzio dinamikak sortu eta garatzea ere.
Udalak, lizitazio baldintzetan, lau hezitzaile gutxienez izendatzea eta urriaren 1etik apirilaren 30era arteko ostiraletan errefortzuko beste bat jartzea eskatzen zuen. Enpresak txandaka arituko diren sei hezitzaile eta udalarekin harremanetan egongo den koordinatzaile teknikoa izendatu ditu. Izendatu diren hezitzaileak egun Gaztelekuan ari dira, beraz, herriko haur eta nerabeentzat ezagunak eta erreferentziazko hezitzaileak dira. Aurpegiak ezagunak dira eta zerbitzu gune ezberdinen funtzionamendua ere paretsu izango da aurrerantzean. Gaztelekua asteartetik igandera arratsaldez irekiko da eta asteartetik ostiralera goizez ere irekitzen da, 11:00etatik 13:00era.
Abenduaren 4an sinatuko da Udala eta Zehar heziketa eta programak enpresaren arteko kontratu berria. Urtebeterako izango da baina urtez urte berritu ahal izango da beste hiru urteko mugarekin. Udalak zehaztu zuen gehienezko lizitazio prezioa kasik bere horretan mantendu da eta kontratuaren aurrekontua, lehen urtean, 321.860 euro izango da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!