Oñatiko udala

Debagoieneko Gurutze Gorriak ateak irekiko ditu domekan

2024/05/15
Card image cap
Instalazioak, ibilgailuak eta lan egiteko modua erakutsiko dituzte eta tailer praktikoak eta jolasak egingo dira

  Hori da eskualdeko Gurutze Gorriak antolatu dituen ate irekien helburua, egiten duten lana bertatik bertara ezagutaraztea, alegia. Hala, Elorregin dituzten instalazioak eta larrialdi, salbamendu eta prebentzio ekintzetan erabili ohi dituzten anbulantzia eta ibilgailuak erakutsiko dituzte; sorospen eta larrialdien eremuan, zerbitzu soziosanitarioen eremuan eta esku-hartze sozialaren eremuan egiten dituzten jarduerak zeintzuk diren azalduko dituzte.

  Larrialdi-abisu baten aurrean nola aktibatzen diren ezagutzeko aukera izango da; baita ere zerbitzu soziosanitarioko boluntarioek abian dituzten proiektuak, hara nola, pertsona nagusiei tratamendu medikuak behar bezala egiten laguntzeko edota eskualdeko egoitzetan bizi diren adinekoekin egiten dituzten irteera soziokulturalak edota gizarte-bazterketa arriskuan dauden 8 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendutako eskola-arrakasta proiektua, besteak beste.

  Prestakuntza arloa ere jorratzen du Gurutze Gorriak eta hori lehen pertsonan bizitzeko aukera izango dute domekako bisitariek, lehen sorospenei eta bihotz-biriketako bizkortzeari buruzko tailerrak emango direlako. Haurrentzako jolasak eta ekintzak ere izango dira.

  Elorregiko Gurutze Gorriaren egunerokoa erakustea da domekako ate irekien helburua, eta parte hartzeko, hau da, boluntario izateko aparteko prestakuntzarik ez dela behar azaltzea. Hemen pertsona bakoitzak ahal duena ematen du eta ekarpen guztiak beharrezkoak dira esan du Jabier Igartuak, Debagoieneko Gurutze Gorriaren presidenteak. Alde horretatik, boluntariotza-lanari ekiteko asmoa duten pertsona guztiak beraiekin harremanetan jartzera animatu ditu. Horretarako aukera ere izango da domekan. Gaur egun, Debagoieneko Gurutze Gorriak 89 boluntario ditu talde eta jarduera ezberdinetan. Boluntarioek eurek eta “Sanprubusa” tabernak zuzenean parte hartzen dute igandeko ate ireki jarduna antolatzen.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!