Debagoieneko Gurutze Gorriak ateak irekiko ditu domekan
Hori da eskualdeko Gurutze Gorriak antolatu dituen ate irekien helburua, egiten duten lana bertatik bertara ezagutaraztea, alegia. Hala, Elorregin dituzten instalazioak eta larrialdi, salbamendu eta prebentzio ekintzetan erabili ohi dituzten anbulantzia eta ibilgailuak erakutsiko dituzte; sorospen eta larrialdien eremuan, zerbitzu soziosanitarioen eremuan eta esku-hartze sozialaren eremuan egiten dituzten jarduerak zeintzuk diren azalduko dituzte. Larrialdi-abisu baten aurrean nola aktibatzen diren ezagutzeko aukera izango da baina baita ere eskaintzen duten laguntza-produktuen doako mailegua, etxez etxeko laguntza, garraio egokitua eta adinekoekin egiten dituzten irteera soziokulturalak edota gizarte-bazterkeriako arriskuan dauden 8 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendutako eskola-arrakasta proiektua, besteak beste.
Prestakuntza arloa ere jorratzen du Gurutze Gorriak eta hori lehen pertsonan bizitzeko aukera izango dute domekako bisitariek, desfibriladoreen erabilerari, bihotz-biriketako bizkortzeari eta lehen sorospenei buruzko tailer laburrak egingo direlako. Haurrentzako jolasak eta ekintzak ere izango dira.
Elorregiko Gurutze Gorriaren egunerokoa erakustea da domekako ate irekien helburua, eta parte hartzeko, hau da, boluntario izateko aparteko prestakuntzarik ez dela behar azaltzea. Hemen pertsona bakoitzak ahal duena ematen du eta ekarpen guztiak beharrezkoak dira esan du Jabier Igartuak, Debagoieneko Gurutze Gorriaren presidenteak. Alde horretatik, boluntariotza-lanari ekiteko asmoa duten pertsona guztiak beraiekin harremanetan jartzera animatu ditu. Horretarako aukera ere izango da domekan.
Gaur egun, Debagoieneko Gurutze Gorriak 99 boluntarioz osatutako taldea du sorospen eta larrialdi jardueretan, 60 boluntarioz osatutakoa zerbitzu soziosanitarioetako jardueretan eta 54 boluntario esku-hartze sozialeko ekintzetan. Gainera, beste boluntario batzuek hainbat administrazio-zereginetan edo kanpaina puntualetan laguntzen dute.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!